Ohiturari men eginez, Mairuaren alardeak jendetza bilduko du
Mairuaren alardeak jendetza bilduko du gaur arratsaldean Antzuolako herriko plazan. 920ko uztailaren 26an, Valdejunqueran Abd al-Rahman III.aren aurkako bataila gertatu zen, eta, ohiturak dioenez, Antzuolako bizilagun talde batek bertan parte hartu zuen. Gertaera hori gogoratzeko, urtero ospatzen dute, uztailaren hirugarren asteburuan, Mairuaren alardea. Horrez gain, beste hainbat ekintza ere programatu dituzte jaietako azken bi egunetarako.
Zuriñe ETXEBERRIA |
Uztailaren hirugarren asteburua heltzearekin batera, Antzuolako jaietako ekitaldi garrantzitsuena den Mairuaren alardea ere iritsi da. Herriko plazan, arratsaldeko zazpietan, da zita.
Baina nondik dator antzuolarrentzat esanahi berezia duen ospakizun hau? Atzera begiratu bat emanez gero, 920. urteko uztailaren 26an geratu beharra dago.
Nafarroako Gesalatz Ibarra eta Muetz herrixken artean kokatuko Valdejunquera haraneko borrokaldia -Abd al-Rahman III.aren aurkakoa- ekartzen dute gogora antzuolarrek. Kronisten arabera, borrokaldi historiko hau 920ko uztailean 26an jazo zen, eta, herri oroimenak dionez, Antzuolako konpainia batek bertan parte hartu zuen. Horregatik egiten dute, hain zuzen ere, Mairuaren alardea.
Alardearen ospakizunaren barruan, hainbat gauza dira aipagarri: ospakizuneko musika, bandera, buruzagiaren hitzaldia edota hitzaldi horrekin batera kantatzen diren bertsoak. Aurten gainera, Oinarinen dantzak ere ikusi ahal izango dira alardean.
Ospakizunean entzuten den musikaren partitura ez da gaur goizekoa. Izenak ere bat baino gehiago ditu, baina antzuolarrek gaztelerazko bi izen erabiltzen dituzte batik bat: Marcha de los Infantes eta Marcha de Fusileros. Bestalde, ziurtasun osoz baieztatzerik ez badago ere, egun Antzuolan entzun daitezkeen doinuak garai bateko alardeetan erabiltzen ziren berak direla uste dute hainbat adituk. Hipotesia baieztatuko balitz, Antzuola izango litzateke alardeak egiteko garai bateko musika gorde duen herri bakarra.
Iazkoan, Mairuaren alarde berritua ikusi ahal izan zuten Antzuolara gerturatu zirenek, eguneratua eta gaurkotua. Aurtengoa ez da hain historikoa izango, baina, zalantzarik ez izan, mereziko du bertaratzeak.
Jaiak agurtuko dituzte bihar
Mairuaren alardeaz gain, beste zenbait jarduera ere programatuta daude gaur Antzuolan. Goizean goiz, 09.55ean, kanoiak lanean jarriko dituzte. Ziur aski, lehen kanoikadarekin, batek baino gehiagok utziko dio lo egiteari festa girora itzultzeko. Bost minutu beranduago, txistularien diana hasiko da, eta, segidan, Zurrategin, musika bandaren kontzertua izango da. Alfredo Gonzalez Chirlaque arituko da zuzendari lanetan.
Gauean txosna batzordeak antolatutako herri afaria izango dute antzuolarrek, 21.30ean. Ordubete beranduago, erromeria hasiko da Joselu Anaiak taldearekin. Ostean, gauerdian, suzko zezenak gaua piztuko du.
Biharko egunari begira, hainbat ekintza antolatu dituzte jaien azken egunerako. Eguerdi partean, jubilatuen eskutik salda edateko edota nafar jotak entzuteko parada izango da plazan. Arratsaldean txarangak herriko kaleak koloreztatuko ditu. Buruhandiek ere hartuko dituzte kaleak. 19.00etan, pintxo eta sagardo solidarioak izango dira plazan. Musika emanaldia ere izango da 01.00etan jaiak agurtu bitartean.
Alardearen musika ez da gaur goizekoa. Guztiz baieztatu gabeko hipotesia besterik ez bada ere, Antzuola izan daiteke alardeak egiteko garai bateko musika gorde duen herri bakarra.
Kronisten arabera, Valdejunquera haraneko borrokaldian, 920. urtean, Antzuolako konpainia batek parte hartu zuen. Horregatik, ohiturari men eginez, urtero ospatzen dute alardea.