GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Herritarren borondatea, zigortua

Iragan zen igande gauean oporrak luzatzeko aukera izango nuela uste nuen. Hori hasteko. Gero etorriko ziren gizarte zerbitzu hobeak, joan den hilean Madrilgo Kongresuak onartu zuen lan erreforma baliogabetzea, denontzako lana eta lan baldintza eskasak bukatzea, erretretarako adina murriztea... Nik ere, harako «podemos» entzunaren entzunez, sinetsita nengoen hala izango zela, baina ez, badirudi ezetz. Futbol selekzio espainiarraren arrakastak balio handia izan du, eta hala onartu dute Europan eta mundu osoan. Hala ere, harrigarria gero, futbolerako baino ez du balio. «Soy español, español, español...» hura ahotsa galdu arte kantatu zutenei beste astebete bat emango diegu espainiar izateak berekin zer dakarren kontura daitezen, logika neoliberalaren arabera krisia ezin gainditzearen erruduna defizit publikoa den arren.

Estatu espainolaren defizit larriena, alabaina, demokratikoa da. Estatu espainiarra bezain zaharra, trantsizioa delakoaz geroztik bakarrik defizit horren ezin konta ahala adibide pilatuz joan dira. Horietako bat, Udalbiltza auzia, oraingo eta aurreko gobernu espainolak, Auzitegi Nazionala eta Estatuko polizia aparatuak epaitzeko moduko gehiegikeria. Dagoeneko dozenaka politikarik, kazetarik, herritarren eskubideen aldeko ekintzailek, gazte mugimenduko kidek... kartzela dute bizileku, biziraun-leku, eta oraingoan euskal udaletako hautetsien txanda da. Honetara ezkero ez gara harrituko, gauza jakina da espainiar demokrazia eta herri borondatea errespetatzea ez direla kontzeptu bateragarriak. Auzitegi Konstituzionalak ezer esan baino askozaz lehenago ere argi utzia zuten euskaldunon erabakitzeko eskubidearen subjektua Madrilen eta Parisen dagoela.

«Gorria»-ren garaipena gorabehera, ez dut oporrak luzatzerik izango eta astebete barru lanean izango naiz. Baina gaur Bilbon, oporrei arratsalde bateko zenbait ordu kentzea huskeria da-eta euskaldunok jokoan dugunaren aldean. Milaka euskaldunek hautatu zituzten Udalbiltzako auzipetuak gure udalerrien alde, geure herriaren alde, lan egiteko, eta lan horrixe ekiteagatik, demokraten txaloa barik, espainiar larderiaren ezpata dute gainean. Gure sostengua behinik behin ez dute falta izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo