GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Ikusi mendizaleak...

Harrigarri egiten zitzaien beste euskal herrialdeetatik iritsitakoei, frankismoaren garaietako moldetzat hartzen zutelako edo, baina Nafarroan beste inon baino nabarmenagoa da frankismoaren itzala

Nonbait, Auñamendiren muinoetan kantari eta dantzan bizi den herria gara. Bada, bederen, honela ikusi izan gaituen jenderik. Guri so begira jarritako kanpotar batzuek aipatu dute behin baino gehiagotan eta begi bistakoa da asko gustatzen zaigula kantatzea. XXI. mendeko gure jendarteak urrun daude hainbat topikotatik, baina lagunen arteko kantu eder baten xarmak ez du modaz ulertzen. Gure herriak kantuz eraman du eta darama bere bizitza, alaitsu askotan, lainotsu besteetan, eta formak nahiz edukiak berritzen diren arren, sakonetik isuritako indarra guztiz bizirik dago. Finean, bizirik gaudela adierazten dugu kantuz hasten garelarik. Eta gainera, taldean eginik, mirakulua berresten dugu, kantua batera hitz egiteko modu onena baita. Ederki ulertu dute erlijioek, kantua bere errito askoren oinarri hartu dutelarik.

Aurtengo sanferminetan kantuak izan du, beti bezala, bere lekua. Eta, beti bezala, hainbat sentimenen adierazpen bilakatu da. Bitxia da hainbat kantuk sentimen horiek piztu eta bideratzeko duten ahalmena. Gaurkoan «Ikusi mendizaleak» kantua aipatu nahi dut. Aspaldikoa kantua, aski ezaguna, belaunaldiz belaunaldi. Bertsionatu ere egin dute sarritan. Ba, esanguratsuki, hauxe izan zen jendeak uztailaren 7ko prozesioan Barcina eta oro har espainiar nazionalisten aurreko protesta giroa adierazteko aukeratu zuen doinua. Eta hauxe izan da ere jende askok kantatu duena espainiar selekzioaren inguruko inbasioari aurre egiteko. Uztailaren 14an, berriz, sanferminetako azken egunean, Fermin Balentziaren kontzertuaren erdian, Mikel Castillo omentzera zetorren peña bat iritsi zen eta isiltasun jotzearen ondotik zein eta «Ikusi Mendizaleak» izan zen bihotzen taupadaren leherketa bideratzeko hautatu zuten kantua, gainera mantsoki hasita, himno solemne baten moduan, ondotik besta airean jarraitzeko.

Harrigarri egiten zitzaien beste euskal herrialdeetatik iritsitakoei, frankismoaren garaietako moldetzat hartzen zutelako edo, baina Nafarroan beste inon baino nabarmenagoa da frankismoaren itzala. Hemen, politikagintza formula asko erasoturik, zigorturik, kriminalizatuta egonik, jendearen sentimenak era berezietatik adierazten dira. Beltzez marrazten dira peñen pankartak, bestarekiko maitasuna adierazteko. Balkoietatik egiten dira kontzertuak, kalean ezin baita oholtzarik paratu. Eta kantuz adierazten dira bestela nekez helarazten ahal diren sentimen eta eskaerak. Honelako egoeran, frankismoan bezala, nortasuna adierazten duten kantuek berreskuratzen dute galdutako zentzua. Eta kantuak jende askoren nahiaren isla bilakatzen dira.

Finean, mendi tontorrera igo behar eta nahi dugu, askatasunaren mendi tontorrera, eta kantuz ere egiten ahal dugu. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kanta batek dionez, kantatzen ez duenak zorionik ez du. Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko dio beste batek. Kantuz daramagu bizia, ahazteko hiltzia, esanen genuke, beste baten hitzak gureganatuz. Gure herriak ez du hil nahi, heriotza ahantzi nahi dugu, munduko beste herri guziekin batera uztartuta, zoriona bilatzen jarraitzeko.

Izan ere, hain ederra hain polita da ta... Kantuz egin dezagun biharko Euskal Herria, bada!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo