GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Noval ELAko Politika Sozialeko arduraduna

Guggenheimetik haratago

Urdaibaiko biosferaren erreserbako ingurua eta Busturialdea ez dira salbuespena, gainontzeko lekuak bezala gogor astindu ditu krisiak. Baina aurretik ere egoera ez zen ona, instituzio ezberdinen aldetik utzikeria egon da eskualdean, beharrezkoak ziren hainbat inbertsio ez baitira egin. Baina bat-batean interes berezia piztu zaie administrazio guztiei.

Urdaibai modan jarri da eta administrazioak eskualderako beraien proiektuak aurkezten hasi dira, lehiaketa bat bailitzan. Bakoitzak bere interesak izango ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim II eraiki nahi du, gaitz guztientzako erremedioa balitz bezala. Beraien esanetan proiektu honek lanpostu asko sortuko ditu eta eskualdearentzat konponbidea izango omen da. Eusko Jaurlaritzak, ordea, garapenerako plan integral bat aurkeztu du, sektore ezberdinetan oinarrituriko ekintzekin. Bitartean, museoa eraiki nahi zen lekua, Sukarrietako udalekuak, babesgune izendatu dute eta badirudi ezin izango dela ukitu. Baina babestutako guneak ere ez dira beti errespetatzen.

Beraien arteko gerra-eremu bihurtu da Urdaibai. Eta bertako herritarren iritzia eta parte hartzea, non geratzen da? Eskualdetik kanpo erabaki nahi dute bertakoen etorkizuna, gizartearen iritziari eta beharrei kasurik egin gabe. Eskualdearen garapen iraunkorraren alde sorturiko mugimendua ere ez dute kontuan hartu, administrazioen parte hartze politika ezaren eredu garbia.

Guggenheim proiektua ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik jasangarria ez dela aurretik jakin arren aurrera egin nahi dute kosta ala kosta. Ohikoa da horrelako makroproiektuak modernitate eta garapenaren ikono bihurtzea eta aurrekontuen zati handi bat horietan gastatzea, betiere gastu sozialetik murrizten den diruarekin. AHTa horren eredu garbia da, beraz, zergatik ez hau ere Busturialdera ekarri? Jasaten ari garen krisi eta murrizketa egoeran onartezina da Guggenheim bezalako proiektu batean milioika euro gastatzea. Marketin hutsa da. Aurretik ere Diputazioak fiskaltasuna bezalako garrantzizko politiketan ez du egin beharrekoa egiten, zergatik egingo du Busturialdean benetako garapena bultzatzeko garaian?

Hobe litzake eskualdeko herritar eragile ezberdinen artean beharrak identifikatu eta horietan oinarrituz benetako garapen sozioekonomiko iraunkor bat bultzatzea. Busturialdeak behar asko ditu eta liskarrean ari diren administrazioek behar den bezalako inbertsioak eginez gero herritarren ongizatea hobetu eta lanpostuak sortuko lituzkete. Esaterako, urteak daramatzagu Gernikan eskualdearen beharrizanei erantzungo dien ospitale bat egingo dela entzuten. Zergatik Jaurlaritzak ez du osasunean inbertitzen eskualdean zerbitzu hobea eskaintzeko? Hezkuntzan ere beharrak badaude, 0-3 urte bitarteko 12 haurrentzako haurtzaindegi publikoko plaza bakarra dago. Eguneko zentroak ere behar dira, plaza bakarra dago 22 pertsona nagusiko. Administrazio hauek badute eskumena zerbitzu hauetan baina ez dute ezer egiten.

Baliabide natural eta kultural izugarriak dituen eskualdea da Busturialdea. Horietan ere inbertitu behar da. Baina garapen eredu egoki bat jarraitu beharra du, ez marketin estrategia hutsa. Busturialderako benetako garapen sozioekonomiko iraunkorra nahi dugunok herritarren iritzia errespetatzea eta beraien parte hartzea bermatuko duen garapen eredu bat exijitzen dugu. Edozerk ez duelako balio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo