Sanmarkoko aldaketek ez dute atez atekoan eraginik izango
Mankomunitateko zuzendaritzako kideak aldatu arren, Sanmarkok hasitako gaikako bilketa ez da etengo eta atez atekoa ezartzeko erabakia udalen esku geratuko da egungo kudeatzaileen arabera. Atez atekoaren emaitzak erraustegiaren beharrik ez dagoela erakutsi dutela uste badute ere, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak erraustegia eraikitzeko lizitazioa sinatu du.Nagore BELASTEGI |
Sanmarkoko Mankomunitateko ordezkariek atzo adierazi zutenez, lehendakaritzan aldaketak eman arren ezingo dute martxan jarri den atez ateko hondakin bilketa sistema gelditu, eta laster Gipuzkoa osoan zabalduko da. Azken hiru urteotako azterketa ere egin zuten, eta lortutako emaitzekin oso harro daudela nabarmendu zuten.
Imanol Azpiroz Sanmarko Mankomunitateko jarduneko lehendakariak esan zuenez, hiru urte daramate hondakinen kudeaketa iraunkorra egiten eta ez zuten uste hain emaitza onak lortuko zituztenik. Aurretik zegoen «kudeaketa desastrosoa» bideratzea lortu dute eta atez atekoari esker errausketa plantaren beharrik ez dagoela erakutsi dute. Kontzientziazio kanpainei esker herritarrek gai organikoen bilketari heldu behar zaiola ikusi dutela ere esan zuen Azpirozek.
Marian Beitialarrangoitia Sanmarkoko Zuzendaritzako Hernaniko ordezkariak, azkenaldian Mankomunitatean eman diren aldaketei buruz hitz egin zuen. Esan zuenez, zuzendaritzako kideak aldatu arren, herriz herri erabakiko da atez ateko sistema ezarri edo ez. Debagoienan, adibidez, gaikako bilketarekin hastea erabaki berri dute, eta, Beitialarrangoitiaren ustez, etorkizun hurbilean Gipuzkoa osora zabalduko dela erakusten du horrek.
Guztiek adostutako ebazpena
Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdiek 2008an onartu zuten errausketaren aurkako plataformen koordinakundeak proposaturiko atez atekoari buruzko ebazpena. Horren arabera, hondakinen kudeaketa mankomunitateen esku gelditzen da eta Batzar Nagusiek atez atekoa hedatzeko ahal dutena egin beharra dute. Hernaniko alkateak azaldu zuenez, ebazpena sinatu zuten momentuan atez atekoa ezarri arren errausketa planta eraikitzea beharrezkoa izango zela uste zuten; aldiz, izan diren emaitza onen ondorioz, gaikako bilketak «erraustegia gosez hilko» duela ikusi dute, eta horregatik ari dira hain gogor hainbat alderdi politiko atez atekoaren kontra.
Duñike Arrizabalaga Sanmarkoko Zuzendaritzako Donostiako ordezkariak nabarmendu zuenez, Gipuzkoako Aldundiarentzat birziklapena aukera bat den bitartean, Mankomunitatearentzat betebeharra da. Diputazioaren aurkako hitz gogorrak izan zituen Arrizabalagak; hala, inork ez duela jendearen osasuna arriskuan jartzeko eskubiderik eta Aldundiak nahi duen bakarra guztien osasunaren kontu dirua ateratzea dela salatu zuen.
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, bere aldetik, erraustegia eraikitzeko eskaintza egin du. Erraustegia dioten bezain garestia ez dela ere adierazi du; 400 milioi euro beharrean, 223,4 milioi balioko ditu. Atez atekoa zikina eta garestia dela ere esan du.
Imanol Azpirozek atzo nabarmendu zuenez, hondakinak kudeatzen dituztenak zabortegiaren sistemara ohitu dira; sistema horretan, tona bakoitzeko dirutza ordaindu behar da eta erraustegiarekin ere berdin jarraituko dute. Marian Beitialarrangoitiak, berriz, atez atekoa ohiko bilketa baino garestiagoa dela onartu zuen, baina lanpostuak sortzen dituela nabarmendu zuen, baita kudeaketa merkeagoa dela eta gehiago birziklatzen denez udalek diru sarrerak eskuratzen dituztela ere. Hernaniko alkateak Aldundiko kideek atez atekoa zikina dela esatea salatu zuen, «ez baitira ezarri den herrietara etorri ere egin nola funtzionatzen duen ikustera».
Bestalde, Zubieta SOS taldeak www.blogak.com/gipuzkoasinincineradora bloga jarri du martxan atez atekoa ezagutarazteko.