GARA > Idatzia > Euskal Herria

Birziklatu ala erraustu, hor dago galdera

Xabier Mikel ERREKONDO Usurbilgo alkatea

Hondakinak birziklatu ala erraustu, galdera horretan kokatzen da une honetan eztabaida. Guk, Usurbilen (Hernani eta Oiartzunen, eta laster Debagoiena osoan eta Tolosaldea eta Goierriko herri batzuetan bezala), birziklatzearen aldeko hautua egiten dugu. H1!, EAJ eta PSE alderdiek lehengaia erraustearen aldeko apustua egiten dute, herritarren osasuna arriskuan jarriz.

Hondakinak birziklatu ala erraustu? Atez ateko bilketa sistemarekin hasi ginenetik, hondakin guztien %80tik gora birziklatzen dugu Usurbilen; hilabete batzuetan hondakinen %86 berrerabiltzera ere heldu garelarik. Egun, 6.000 biztanlera heltzen ez den gure herrian, 90 tona organiko jasotzen ditugu bereizita hilero, organikoa jasotzeko edukiontziak jarri dituzten esperientzietan, bataz beste, %25 birziklatzera heltzen diren bitartean. Datuek erakusten dutenez, bi ereduen arteko alderaketa ez da inondik sostengatzen.

Hondakinak birziklatu ala erraustu?

Erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketa posible dela erakutsi dugu. Alternatiba horretan, teknologia toxikoak baino, herritar aktiboak hartu ditugu lagun. Arazo larri bat dugunaren kontzientzia dugu eta konponbidea ematen saiatu gara, sukaldez sukalde, atez ate. Birziklatzearen ala erraustearen artean hautatu beharrak, teknologia toxikoen eta jendearenganako dugun konfiantzaren artean hautatzea esan nahi du. Eta gu herritarrekin gaude; beraiek dira gure teknologia.

Eta herritarrekin gaudela diogunean, benetan diogu. Egunero-egunero, hainbat alderdi eta komunikabide zabaltzen saiatu direnaren kontra, jendearen gehiengoa arazorik gabe moldatzen da hondakinak beste modu batetara kudeatzeko ohiturara. Haien inplikazio eta lan onari esker lortzen ditugu gorago aipatu ditugun emaitzak. Haiek gabe ezinezkoa litzateke.

Egunero erakusten dutenaz gainera, otsailaren 27an eta 28an egin genuen herri galdeketaren bidez adierazi ziguten babes hori herritarrek. Konponbidea jendearen kontzientziazio eta aktibaziotik etorriko dela sinetsita gaude, eta ez teknologia kutsagarrietatik. Eta kontsekuenteki jokatu dugu.

Hondakinak birziklatu ala erraustu?

Hondakinak birziklatu ala erraustu? Gure aukera, birziklatzearena, egingarria da, eta inorekin alderatu ezin diren emaitzak eman dituela ikusita, urduritu egin dira zenbait alderdi politiko eta komunikabide. Urte luzetan ez dute jakin, ez dute ezer egin arazoari konponbidea emateko eta alternatiba serioa eta egingarria daukagula erakutsi eta frogatu dugunean, eraso egin eta deuseztatu egin nahi dute herritarrek aukeratutako konponbidea. Horrela ikusten ditugu azken asteotan Sanmarko Mankomunitatean ematen ari diren mugimenduak. Honek, politikaren aurpegirik zikoitzena besterik ez du erakusten: alternatibak egon badauden arren, erakunde batzuk herritarren osasuna arriskuan jartzeko prest baitaude.

Hondakinak birziklatu ala erraustu?

Baina, eztabaida honek beste arazo batzuei ere eragiten die: kudeaketa eraginkorra ahalbidetzen duen antolaketa eta herri ereduari adibidez. Zer-nolako herri eredua nahi dugu? Eta nola kudeatua? Herritarren osasuna babestuko duena ala interes ekonomikoen menpe egongo dena nahi dugu? Herritarrak arazoen konponbide bezala ikusiko dituena ala herritarrak arazo bezala ikusiko dituena hobetsiko dugu?

Geuk, ikusi, eztabaidatu, aztertu eta praktikan jarri dugu. Eta ez dugu inolako zalantzarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo