GARA > Idatzia > Kirolak

«Teknikaren, indarraren eta mentalitatearen arteko oreka bilatu behar da»

p047_f01.jpg

Nerea CABRERA

Maialen CHOURRAUT

PIRAGUISTA

1983ko martxoaren 8an jaio zen Maialen Chourraut piraguista lasartearra. Ur bizietako kayak modalitatean lehiatzen da gipuzkoarra, eta Atletico San Sebastian elkarteko arraun taldean aritu zen piraguismoaren munduan sartu aurretik. Espainiako txapelduna izan da zazpi aldiz, eta aurten historia egin du La Seu D'Urgell herrian, Lleidan, jokatutako Munduko Kopako proba irabazita.

Munduko Kopako proban nagusitu ostean, Maialenek bere entrenamendu eta lehiaketekin jarraitzen du. Munduko Txapelketan bere esperantza guztiak jarrita baditu ere, 2012an Londresen ospatuko diren Olinpiar Jokoetan paper ona egiteko asmoz da gipuzkoarra.

Orain dela bi aste, Munduko Kopako proba bat irabazi zenuen lehen aldiz. Zer sentitu zenuen?

Poza. Entrenamenduak bide onetik doazela eta Munduko Txapelketari begira prestaketa egokia izaten ari dela ikusi nuen.

Proba horretako finalerdietan laugarren postuan zeunden. Zure burua ikusten al zenuen irabazteko aukerekin?

Bai, behin lehenengo hamarretan egonda, edonork dauka irabazteko aukera. Finala hutsetik hasten da, denok abantaila eta desabantaila berdinak dauzkagu. Argi zegoen, beraz, edozeinek irabaz zezakeela.

Aurreko asteburuan Augsburgen egon zinen, zelan joan zen?

Laugarren postuan gelditu nintzen. Emaitza oso ondo dago; pena eman zidan podiumean ez egotea, baina ezin naiz kexatu.

Zein da zure egutegian duzun hurrengo erronka?

Abuztuaren erdialdean Europako Txapelketa dago. Teorian ekainean egin behar zen, baina, arazoak egon zirenez, azkenean abuztuan egingo da.

2008ko Beijingeko Olinpiar Jokoetan hamaseigarren postuan gelditu zinen. Nola ikusten duzu zure burua 2012ko Londreseko Jokoetarako? Hobetzeko aukerak dituzula uste duzu?

Uste dut baietz. Oraindik bi urte gelditzen dira, baina datorren urtean jada Olinpiar Jokoetarako plazak aterako dira, eta han egongo gara leku hori lortzeko.

Era guztietako txapelketetan parte hartu duzu. Zein da ilusio gehien egin dizun emaitza?

Lehenengo urtean Munduko Txapelketan bigarren postuan gelditu nintzenekoa. Urte asko egon nintzen mundial horren zain eta ondo atera zen.

Zure lehen urratsetara bueltatuz, nola hasi zinen piraguaren munduan? Txikitatik datorkizun afizioa al da?

Egia esan, ez. Txikia nintzenean ez nekien ezta piragua bat zer zen ere. Atleticon hasi nintzen 11 urterekin; hori bai, arraun taldean. Hurrengo urtean errepikatu nuen, eta gerora piraguismoaren munduan sartu nintzen. Hori zer zen probatu nahi nuen, eta ordutik horretan nabil.

Egiten dituzun entrenamenduak oso gogorrak izaten al dira?

Beno, nire ustez entrenamenduak oso politak dira. Kirol honetan faktore asko izan behar dira kontuan: teknika garrantzitsua da, indarra ere bai, mentalki fuerte egotea ere garrantzitsua da... Oreka bat topatu behar da piraguarekin azkar joateko. Poz handia hartzen duzu oreka hori aurkitzean; gainera, piraguan, sentsazioak oso onak dira. Neguan pixka bat sufritzen dugu hotzarekin, baina gero guztia ondo baldin badoa, ahaztu egiten dira sufrimenduak.

Kirol munduan, emakumeak bigarren plano batean izaten dira sarri. Hori nabaritzen al duzu lehiatzeko orduan?

Nire kasuan ez da horrela, emakume eta gizonek tratu bera jasotzen baitugu piraguismoan. Beraz, nik ez daukat inolako aitzakiarik alde horretatik; ez naiz diskriminatuta sentitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo