PSCk Konstituzioaren erreforma du hizpide; EAJk Gernikako Estatutua negoziatzen darrai
EAJren egungo jarduera ikusita, baten batek pentsa lezake jeltzaleen buruzagiak Ibarretxe eta bere planak existitu izan ez balira bezala jokatzen ari direla. Erabakitzeko eskubidearen aipamenak, adibidez, guztiz desagertu dira beraien diskurtsotik. Areago, Gasteizko Parlamenturako azken hauteskundeak Ibarretxerekin eta diskurtso horrekin irabazi zituztela ahaztu dutela dirudi, publikoki ez baitute honezkero aipatu ere egiten. Eta harrigarria da benetan, erabakitzeko eskubidearen diskurtsoak ezin aproposagoa baitirudi uneotan. Izan ere, espainiar Auzitegi Konstituzionalak Kataluniari buruz esandakoak esan eta gero, ikaragarrizko mugimendu politikoa egituratu da bertan erabakitzeko eskubidearen inguruan. Pentsa, CIUk «trantsizio garaiko akordio konstituzionala» hautsi egin dela eta guzti esaten du orain. Eta PSCk Espainiak Estatutak zuen naziotasun aitortza onartu behar duela. Harrigarria ere bada PSEko inor ez izatea aurreko larunbatean Bartzelonan, baina hori beste kontu bat da... Nolanahi ere, harrigarrietan harrigarriena honakoa da: 2010ean Estatut berriaren harira PSCk erreforma konstituzionala eskatzen duen bitartean, EAJ Madrilekin 1978ko Estatutua negoziatzen aritzea!