GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako metalgintzako langileek positiboki baloratu dituzte azken mobilizazioak

ELAk eta LABek Adegiri negoziazio mahaia blokeatzeko estrategia «bazter dezala» eskatu diote. Blokeoari eusteak metalgintzan gatazkak areagotzea ekarriko duela uste dute bi sindikatuek.

Janire MENDIETA | BILBO

ELA eta LAB sindikatuek, prentsa ohar baten bitartez, Gipuzkoako metalgintza sektorean bost egunez egin dituzten mobilizazioak positibotzat jo dituzte. «Langileek oso argi adierazi dute beren eskubideak murritz ditzakeen hitzarmenik ez dutela nahi», nabarmendu dute.

Horrenbestez, Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteari negoziazio mahaia blokeatzeko estrategia baztertzeko eskatu diote, eta negoziazioetara «akordioa lortzeko jarrerak hurbiltzeari bide emango dioten proposamenekin» joatea eskatu diote. Elkarteak orain duen jarrera aldatzen ez bada, «gatazka gehiago, greba eta mobilizazio gehiago» izango dira sindikatuen ustez.

Greba aste honetan, ELAk eta LABek hainbat bilkura egin dituzte metalgintzako enpresen aurrealdeetan eta jendea informatzeko auto karabanak ere egin dituzte. Horrez gain, enpresetan propaganda banatu dute.

Bestalde, sindikatuek Adegirekin bat egiten ez duten Gipuzkoako metalgintzako enpresei eskaera garbi bat egin diete: «Bide berriak zabaltzeko inplika zaitezte hitzarmen duina lor dezagun».

Egoeraren arduraduna, Adegi

«Egoera honen arduradunak Adegi eta bertako buruak dira», adierazi dute ELAk eta LABek. Enpresari elkarteak sektorearen hobekuntza ekarriko duten proposamenak egiteari uko egiten badio, mobilizazio gogorragoak egingo dituztela ere argi eta garbi utzi dute. «Egoeraren ardura Adegiko buruena izango da, ez beste inorena», gaineratu dute bi sindikatuek.

Oharraren langile gehienen bermea dutela eta «hauen aldeko mobilizazio berriak antolatzeko gertu» daudela ere nabarmen utzi dute bi sindikatuek.

Hala ere, ELA eta LAB negoziatzeko prest daude. Langileek jasaten ari diren egoera zaila konpontzeko, Adegiri «demagogia» bazter dezala eskatu diote, «aski ongi dakielako zertaz ari garen abiapuntu gisa egungo hitzarmena hartuz negoziatzeaz hitz egiten dugunean».

Sindikatuen arabera, Adegi gertu egongo balitz, beraiek ere jarrera berdina hartuko lukete, hau da, jarrera hurbilagoa izango lukete negoziazioan aurrera egiteko mugimenduak egiteko. Hori bai, Adegik «harrotasun berarekin jarraitzen badu», elkartea izango da «datozen hileotan biziko dugun egoera gatazkatsuaren arduradun bakarra».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo