GARA > Idatzia > Kultura

Dekretu berria nahikoa ez dela ohartarazi dute berriro taldeek

Praileaitzen etorkizuna kinka larrian dagoela uste dute Praileaitzen Lagunak, Praileaitz SOS, Aranzadi eta Mutriku Natur Taldeko kideek. Atzo, lehenengo aldiz, prentsaren aurrean agertu ziren guztiak batera Lakuako Gobernuak onartu nahi duen dekretu berriaren gabezia eta ezintasunak salatu eta beraien proposamenak defendatzeko.
p051_f01_199x116.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Ekainaren amaieran plazaratu zuen Lakuako Gobernuak bere dekretu berria EAEko Aldizkari Ofizialean. Ordutik, hogei eguneko epea zabaldu zen Patxi Lopezen Exekutiboaren proposamenari alegazioak aurkeztu eta beharrezkoak liratekeen aldaketak galdegiteko. Orokorrean begiratuta, Lakuak 50 metrotatik 65era zabaldu nahi du gaur egun Praileaitzeko haitzuloak (Deba) duen babes perimetroa, eta hainbeste gatazka eragin dituen mendi magala Kostaldeen Legearen babespean egoten jarraitzeko hautua egin du, talde askoren desadostasuna sortuz.

Blanca Urgell Kultura kontseilariaren arabera, dekretu berrian biltzen diren neurriak nahikoak dira haitzuloaren etorkizuna bermatzeko eta Sasiolako harrobiko jarduerek koba barruko material arkeologikoetan eraginik ez izateko. Baieztapen horiek, ordea, erabat ukatu dituzte azken hilabeteotan kobazuloaren babes osoa galdegiten duten taldeek. Hain zuzen ere, ukazio horietan oinarritzen dira gaur arte aurkeztutako alegazioen funtsak.

Orain arte errepikatu gabeko irudia osatu zen atzo Donostiako Koldo Mitxelenan. Lehenengoz, prentsaurreko bateratua eskaini zuten Praileaitzen Lagunak, Praileaitz SOS, Aranzadi eta Mutriku Natur Taldeko ordezkariek. Helburua, Lakuako Gobernua afera honen inguruan aurrera eramaten ari den kanpaina salatzea. Xabier Peñalver Aranzadiko arkeologoaren iritziz, «dekretu honek ez du babesten ez leizea ez eta bere ingurua ere, eta hori erakusten duten zantzuak asko dira». Horren adibide da dekretu berrirako Lakuak Praileaitzen eremua irudikatzeko marraztu duen planoa, non ezagunak diren hainbat galeria egitasmotik at utzi dituen, haien desagertze arriskua are eta gehiago handituz.

Xabi Otero, Praileaitzen Lagunak elkarteko kidearen aburuz, «gure ikuspegia eta gure alegazioak ez dira Lakuaren interesekoak» eta «Amenabarrekin soilik sinatu nahi dituzte akordioak, Praileaitz eta bere ingurua zergatik babestu nahi ez duten azaldu gabe». Hala, haitzuloak kalteren bat jasango balu, «atzera bueltarik gabeko egoera batean» egongo ginatekeela ohartarazi zuten, hots, konponketa posiblerik gabeko egoeran.

«Iruzur etikoa da Antonio River, Blanca Urgell eta Patxi Lopezen aldetik, inork ez baitu borondate politikorik erakusten», salatu zuen. Ostean, «desitxuratzeak eta gezurrak» soilik eskaintzen dituztela gaineratu zuen.

Datorren asteetan erabakiko du Lakuako Gobernuak dekretuaren kontra aurkeztu diren alegazioak kontutan hartuko dituen ala ez. Azken erabakia beraien esku ez dagoenez, bitartean borrokan jarraituko dutela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo