GARA > Idatzia > Ekonomia

Irizarren fakturazioa %20 hazi da urteko lehen seihilekoan, eta esparru guztietan eman da igoera

 

Janire MENDIETA | BILBO

Autobusak egiten dituen Irizar enpresak produkzio-inplementazio ia guztietan hobetu ditu bere emaitzak. Horrenbestez, autobus fabrikazioko mundu mailako erreferentziazko enpresa bezala sendotu da.

Nahiz eta merkatu espainiarrean, 2009. urtearekin alboratuta, salmentek %37 beherantz egin duten, Irizarren bilakaera positiboa izan da. «Bezeroekiko hurbiltasunaren eta zerbitzuaren aldeko apustuak eta produktu eskalaren handiagotzean eta garapenean egindako ahalegin handiek» enpresaren merkatu kuota %40ra igotzea eragin duela adierazi dute enpresatik. «Emaitza hauek guztiz asebetetzen gaituzte, eta lanean jarraitzeko indarra ematen digute. Are gehiago, begiak etorkizunean jartzera eramaten gaituzte», nabarmendu dute.

Enpresak 2010eko lehen seihilekoa 2.000 unitate salduz itxi du. Aurreko urtearekin parekatuz, %21eko gorakadarekin, alegia. Eta fakturazioa 200 milioikoa izan da; 2009. urtearekin konparatuz, %20 gehiago.

Europan, merkatua %15 jaitsi den arren, lantegiak jarduera bolumena mantendu du, batez ere hegoaldean. Brasil eta Mexikon ere, aurreko jarduera mailetara heldu da. Brasilen, krisitik nahiko azkar errekuperatzen ari dira, eta ondorioz, aurreikuspenek hazkunde berri bat izango dela diote. Mexikon, aldiz, 2009. urteko bigarren seihilekoarekin alderatuta, %50eko hazkundea izan dute.

Indian, Irizarrek otsailean autobusen fabrikaziorako lantegi berri bat eraiki zuen; %15eko hazkundea izan dute. Marokon, aldiz, luxuzko autobusen merkatuan aitzindaria da Irizar, merkatua osotasunean bereganatuz. Hiriko ibilgailuak ekoizten ere hasi dira.
Enpresak berrikuntzari emandako bultzada ere nabarmendu nahi izan du, «20 milioi euro baino gehiago» zuzendu baititu arlo horretara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo