GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Musika Hamabostaldia Errusiaren isla izango da aurten

Aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldiak, lau astez luzatzen den musika zikloak, Errusiako eskola izango du ardatz nagusi «Boris Godunov» bezalako obren interpretazioarekin. Gainera, hamar estreinaldi izango dira, horietako zazpi lehen egunean egingo direlarik. Halaber, Kostaldeko Donejakue bideari garrantzi berezia emango diote Hamabostaldian. Ondorioz, Itziar, Zumaia, Mutriku edo Orio bezalako herriek ere kontzertuak hartuko dituzte.

p048_f01_97x140.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Aurtengoa Donostiako Musika Hamabostaldiaren 71. edizioa izango da, eta abuztuaren 7tik irailaren 3ra bitartean egingo da Gipuzkoako hiriburuan zein herrialdeko hainbat herritan. Kontratazio eta gai artistikoei zuzendutako aurrekontua 1.950.000 eurotik 1.400.000 eurora murriztu da krisia dela eta.

Eskainiko den programazioaren ardatza Errusiako musika izango da; izan ere, «Errusiak musika munduko potentzia nagusia izaten jarraitzen du oraindik ere, ohiko usteen aurka», adierazi zuen Hamabostaldiaren zuzendari Patrick Alfayak. Guztira 80 ikuskizun eta jarduera eskainiko dira. Errusiar eskolako musikagile eta interpreteen ordezkari ezin hobeak izango dira edizio honetako protagonistak; besteak beste, Valery Gergiev, Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa edo Errusiako Orkestra Nazionala. Baina ikuskizunik preziatuena «Boris Godunov» opera da zalantzarik gabe, Kursaalen abuztuaren 26an eta 27an izango dena, 19.00etatik aurrera.

Estreinaldi kopuru altueneko urtea izango da aurtengoa; zehazki hamar izango dira, nahiz eta horietatik zazpi lehenengo egunean egingo diren. Besteak beste, Xabier Mariño musikagilearen «Zatikatu» obra ikusiko da lehenengo aldiz; Jose Javier Peña-Aguayoren «Asagayakasikey I: Yuisa»; edo Massimo Botterren «Tres palabras para requinto y cajón flamenco». Horrez gain, Pablo Borras argentinarrak bere «Senderos» lana aurkeztuko du. Lan horrek Pablo Sorozabal Konposizioko Nazioarteko X. lehiaketa irabazi zuen iaz.

Horrez gain, orain 350 urte Donibane Lohizunen ospatutako Luis XIV.aren eta Maria Teresa Austriakoaren arteko ezkontza ekarriko du gogora Hamabostaldiak, baita Donejakue Bidea ere -aurtengoa Done Jakue urtea da-. Ezkontza egunean entzun zen musika berreskuratzea guztiz ezinezkoa denez -inork ez daki zeintzuk diren zehazki jo zituzten piezak-, Antzinako Musikako Zikloak Luis XIV.aren garaian frantses gorteko musika lau erakunde musikaletan egituratuta zegoela gogorarazi nahi izan du: Musique de la Grande Écurie, musika militarrari eta ospakizun handiei eskainia; Musique de la Chambre, ganbera musikari eskainia; Chapelle Royale, eliz obrei zuzendua; eta Academie Royale du Musique edo Musikaren Errege Akademia. Lau erakunde horiek musikaren historian garrantzia handia duen garai bat bultzatu zuten, eta, horregatik, ziklo honetako kontzertuetan erakunde horietako lanaren fruitu diren obrak eskainiko dituzte.

Beste ikuskizun ezohiko bat Iwona Sobotka sopranoak eta Alexis Delgado piano jotzaileak Chillida Leku museoan hilaren 29an eskainiko dutena da. Izan ere, musikagile horiek Bruno Dozza italiarrak egindako obra bat interpretatuko dute; hain zuzen ere, Eduardo Chillida eskultorearen obran inspiratuta lan bat eskainiko dute.

Donostiatik kanpo kontzertu ugari ere izango dira aurtengo Hamabostaldian. Besteak beste, Azkoitian, Usurbilen, Itziarren, Biarritzen edo Mutrikun.

Jaialdirako salgai jarritako sarreren %80 dagoeneko agortu direla ere azaldu zuen Patrick Alfayak atzoko aurkezpenean, baita harpidedun kopuruak berdin jarraitzen duela ere. Ikusleek kontuan hartu beharko dute Kursaalean egiten diren kontzertuak direla ikusle gehien biltzen dituztenak; aurten, Alfayaren ustez, Orfeoiaren emanaldia eta Tchaikovskyren bosgarren sinfoniaren emanaldia izango dira jarraitzaile gehien bilduko dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo