GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega | Euskal Herriko finala

Bi nafar eta bi gipuzkoar, txapel preziatuaren bila

Ormaetxea, Etxeberria, Kanflanka eta Mariñelarena lehiatuko dira bihar Pikoketan, Oiartzunen.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Herri kirolak urtean zehar izaten duen egunik handienetakoa izango du bihar, 12.00etatik aurrera, Oiartzunen. Pikoketako belardietan, segalarien Euskal Herriko finala jokatuko da eta segalarien finala, aizkorarena bezalaxe, handia izaten da herri kirol munduan, nahiz eta segak beheraka izan duen.

Ormaetxea, Etxeberria, Kanflanka eta Mariñelarena, bi nafar eta bi gipuzkoar, neurtuko dira. Aurrez, ordubeteko lana izango dute, denbora horretan aritu beharko baitute belarra ebakitzen; kilorik gehien mozten duen segalariak jantziko du txapela. Faboritoa aipatzerakoan, denek Ormaetxea aipatzen dute. Lauetan eskarmenturik handiena duen segalaria izateaz gain, txapelak lortzea zer den ere badaki, Euskal Herrikoa eta Gipuzkoakoa irabazitakoa baita. Berak egun ona badu, zaila izango dute gainerakoek berari txapela kentzea.

Nazioarteko era

Almitza elkarteak antolatuta, nazioarteko eran, gaur Etxalekun, 18.00etan hasita, bakarkako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da. Saioa hiru mailatan izango da. Lehenengoa 16 urte bitartekoa izango da, eta 35 metro karratuko saila moztu beharko dute. Bigarrena, 23 urte bitartekoa. Hor neskek 50 metro karratuko saila moztuko dute, eta mutilek 100ekoa. Azkenik, 24 urtetik gorakoak izango dira. Horietan, mutilek 100 metro karratuko sail bat izango dute mozteko, eta, neskek, 50ekoa.

Saio hauetan, azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen dira. Saila ahalik eta azkarren moztu behar da, baina, aldi berean, txukun moztu behar da, bestela zigorrak izaten baitira. Parte hartzaileen artean, Gabirondo, Mitxelena, Goenaga, Arteaga eta Mariñelarena nabarmendu behar dira mutilen artean, eta, emakumezkoen artean, berriz, Astondoa, Txarron eta Garin dira aipagarrienak.

Faboritoa

Lau finalisten artean eskarmenturik handiena duena Jexuxmari Ormaetxea da, eta aditu guztien ustez bera da gaurko finalean txapela lortzeko faborito nagusia.

Etxaleku

Nazioarteko erako segan, gaur jokatuko da Euskal Herriko finala Etxalekun, 18.00etan hasita. Emakumezkoak eta gizonezkoak neurtuko dira hiru mailatan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo