GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Apurtzea zaila izango den marka ezarri dute Izetatarrek 100 kilokoarekin

J.L.

Apurtzea zaila izango den marka ezarri zuten atzo Izeta II.ak eta Izeta IV.ak, aitak eta semeak, alegia. Izan ere, txanda librean, 100 kiloko bolari 100 jasoaldi 7 minutu eta 50 segundotan eman zizkioten. Bai aita eta bai semea primeran moldatu ziren, hiru jasoalditik hiru jasoalditara txanda emanez; amaieran, sekulako marka egin zuten, biak ere sasoi oso onean daudela argi eta garbi erakutsiz. Bietako inork ez du atsedenik hartuko, bihar Alegian izango baitira.

Txintxarri sariketa

Alegian, bihar, 18.00etatik aurrera, jokatuko da Txintxarri sariketa. Aurten, gainera, berezia izango da, launako bi talde neurtuko baitira. Talde batean Izeta IV.a, Irigoien, Telleria II.a eta Bertiz arituko dira, eta, bestean, berriz, Patxi Larretxea, Izeta III.a, Izeta II.a eta Ostolatza. Talde bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, pisu bereko errektangularra, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindro zaharra erabiliko ditu, bi minutuko saioetan eta partaide bakoitzak harri bat aukeratuz. Azkenik, 100 kiloko bolarekin, txanda librean arituko dira. Bertan, Gipuzkoako lasto-altxatzeko finala ere jokatuko da. Argaia, Egaña, Pagoaga eta Urresti neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo