Julen MURGOITIO
Nazioaren estatua ala arazoa?
Tourrak egunotan politika-orrietan hartu duen oihartzunaren parekoa da gure beheko estatu zer horren kongresuko debateak kirol-orrietan hartu duena. Tira! edo eskela-orrietan! Azken batean, estatu horren lurralde-eskala eskela bihurtzeko bidean da hainbat lurraldetan. Tira, harira! They need Spa..i.. demontre horretan «nazioaren estatua» dute egunotan ezbaian, nazioaren egoera eztabaidatze aldera edo. Egoera ala arazoa? Hori bai kolpea gero! nazioaren estatua! bata eta bestea bi gauza desberdin bailiren! Ez da hori hango auzizale konstituzionalak berriro berresan berri duena, hau da, nazioa eta estatua gauza bera dela, aurpegi bateko txanpona, bat baino ez, eta bakarra, disolbaezina gainera. Gardenagoa da epai horren argia Mexikoko Golkoko oraingo urena baino. Eta hala ere, jauregi hartako jaun-andreek nazioaren estatuaz su eta ke nazioaren egoera irudikatze aldera. Bai, suak hartuta dauden hango aulkiei egunotan darien kea; bazkal osteko bilkuretan batez ere. Zeinek ulertu haien hiztegia? Ene, ene!
Hori gutxi balitz hango Gorteak disolbatzea bera ere eskatu dute batzuek, debate transgenikoaren beroan. Gorteak disolbatu? baina ez ote dira gorteok nazio-estatu haren espainiar genero bakarraren azpi-espezie guztien zelula komun bakarra? eta akaso ez da genero bakar haren nazio-estatu bakarra disolbaezina? Hortaz, zelan disolbatzea eskatu, zeinek eta disolbaezinean itsu-itsuan sinesten duenak? Ama, ama! nire munduko jakinduria hain da apala, ez dut ezer ulertzen, saiatu arren. Udako ikastaro gehiagoan eman beharko dut izena, bihar-etzi nire izanaren jabe gura izan badut sikiera. Baina nire apal hori ez da oraingoa, lehendik datorkit, bankuek solidotasuna bermatzeko likidezia behar dutela entzun nuenetik behinik behin. Zeinek ulertu haien hiztegia?
Are gehiago, ditxosozko ebazpenak aurrera atera guran elkar gorteiatzen hasi dira jauregiko dantza-ganberan. Presidentea bera lehena izan da makurrean eskua eske, atez ate gainera! Ene, ene! lagunak ziostanez zabor munduan garbiena zaborra bera! Ez zaio eskurik faltako, hitzen fideltasun ezak ez baitu burtsan aktibo modura kotizatzen. Eta bitartean kutxak jo eta ke cajak eskuratzen, txikitik handira, gerora obra gehiago izateko eskura, eta ez obra soziala prezisamente. Aktiboak eta pasiboak, denak batera! Zeinek ulertu haien hiztegia? Ene ama!