ARGIA Imanol Alvarez
Azkuna=Fraga?
Fragak esan ohi zuen ez zeukala ezer marikoien kontra, beti ere marikoikeriak logelan egiten baldin bazituzten. Iritzi berekoak omen dira Azkuna jauna eta, harrigarriagoa dena, Madrazo andrea. Nola ulertu, bestela, ekainaren 28an Arriaga Plazan dagoen udal mastan gay bandera jarri eta homofobiaren aurkako mezuak ematea; eta, aste batzuk lehenago, lasai asko, Bilboko Udalak onartu berri duen Espazio Publikoaren Ordenantza proposatu eta defendatu izana?
Izan ere, delako arautegian surrealismo hutsa diren artikuluak daude, hala nola kometatan jolastea debekatzea, kometa bat urtean behin ere ikusten ez den Bilbo bezalako hiri batean; kalean edatea debekatzea, edaria tabernatan erosia denean izan ezik... (...)
Sexu-askatasunaren aldeko erakunde bateko kide den honentzat, ordea, modu berezian eskandalizatzeko modukoa da 16. artikulua. Bertan kale-prostituzioa debekatzen da. Hori berori nahikoa arrazoi izango zen araudiaren erabat kontra egoteko (...). Baina ez, are harago joatera ausartu, eta izaera barru-barruko -intimo- eta pertsonaleko adierazpen afektibo oro, eta sexuarekin zerikusirik izan lezakeen beste edozer, espazio publikoan debekatzeraino heldu dira, gizalegezkoa ez omen delako holako zerrikeriarik egitea besteen aurrean. Hemendik aurrera, beraz, akabo kotxe barruko txortak edota parkeko iluntasunaren babespean eginiko zirri edota musuak. Isunak ere ez dira halamoduzkoak: huts arina (aipatu berri ditugun zirri edo musuak, kasu) 750 euro; huts larria (ume aurrean egitea) 1.500 euro. Sinesgaitza, ez da? Baina erreala, tamalez.
(...) Larria da, gero, ustez gaindituta zegoen katiximako moralinean eta sexofobian oinarrituriko arautegia baita. Martxa honetan Torquemada txiki utziko dute laster. Ikusteko jaioak, alajaina!