Julen Aranguren eta Ane Enzunza (*) EAEko Immigrazio teknikariak
Muhammaden Heldu-lekua
Guardia zibilek haien txalupa atzeman eta lurreratu zituztenean, Muhammadek Italian zegoela pentsatu zuen, hori agindu baitzion Pakistandik Europara ekarri zuen tratulariak. Hala ere, sasi-kartzela den internamendu gunean igaro behar izan zituen 40 egun luzeetan, denbora soberan izan zuen bere burua mapamundian kokatzeko. Jakin zuen Kanariar uharteetan zegoela, Fuerteventura izeneko irlan.
2004ko Gabonetan, orduantxe hasi zen Muhammadek Europan egindako bide zail eta malkartsua. Fuerteventuran 40 egun igaro eta gero, Malagara eraman eta han aske utzi zuten, kale gorrian; inor ezagutzen ez zuen herrialde batean, bertako hizkuntza tutik ere ezagutu gabe, eta, jokaldia errematatzeko, paperak ateratzea eragozten zion kanporatze agindua besapean zuela.
Baina Muhummadek ez zuen amore eman eta lan bila hasi zen. Saiatu zen han eta hemen, Katalunian eta Valentzian, Madrilen eta Kantabrian. Baina leku guztietan oztopo berarekin egin zuen topo: ez zuen Estatu espainiarrean bizi eta lan egiteko baimenik, ezta lortzeko aukerarik ere.
Hiru urte luzetan nora ezean ibili eta gero, Muhammad Gipuzkoara iritsi zen eta, bere herriko Gizarte Zerbitzuen bitartez, Heldu-ren berri izan zuen: Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bizi eta egoera juridiko ez erregularrean dauden bizilagunei aholkularitza juridikoa emateko Eusko Jaurlaritzak sortutako zerbitzu publikoa. Azkenean, Muhamadek babeslekua, Heldu-lekua aurkitu zuen, eta bere arazo nagusiena modu arin eta eraginkorrean konpontzen lagundu zion, gainontzeko bizilagunekin aukera berdintasunean lan egin eta gizarteratu ahal izateko.
Ez zen batere lan erraza izan. Muhammadek aurretik kanporatze agindua zuen, eta, gainera. lan eskaintza egin zion enpresarekin zailtasunak izan zituen. Baina pakistandarrak, atzerritartasun gaietan jakituria sakona eta eskarmentua duen profesional talde baten laguntza izan zuen: Helduko abokatuena. Eta, horiei esker, azkenean, 2009an, bost urte luzetan ahal izan zuen bezala biziraun eta gero, Muhummadek lan egiteko baimena lortu zuen.
Eta, Muhammadek bezala, azken zazpi urteotan, Gipuzkoan 8.000 lagun baino gehiagok jo dute Heldura; eta 33.000tik gora EAE osoan. 33.000 euskal herritar berri, «normaltasunez» lan eta bizi ahal izateko atzerritartasun legediaren zama astuna jasan behar dutenak.
Zorionez, egun Muhammad lanean ari da eta, beste edonork bezala, hilero kotizatzen du eta zergak ordaintzen ditu. Harekin hitz egin nuen azken aldian euskaraz agurtu ninduen, bere herriko euskaltegian etorkinentzat egindako ikastaro labur batean ikasitakoa harro erakutsiz. Etorkizunean, ezkondu eta emaztea ekarri nahi du Pakistandik, eta kezkatuta dago lan baimena berritzeko zailtasunak eduki ditzakeelako. Tamalez, hemendik aurrera, ez du Helduren babesik izango izapide korapilatsu horietan, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua ixtea erabaki baitu.
Gutun honen bidez eskerrak eman nahi dizkiet Helduko langileei, egindako lan handiarengatik eta batez ere pertsona bakoitzarekin izan duten inplikazioarengatik, bizitza zailagoa dutenei bidea arindu dietelako.
Aldi berean, eskaera luzatu nahi diot Eusko Jaurlaritzari: Heldu ixteko hartutako erabakia berriz pentsa dezala eta ez dezala atzera pausorik eman orain arte gurera iritsitako atzerritarrak integratzeko politiketan; ez dezala okerreko biderik hartu. Immigrazio gaietan dihardugunok ez baitugu ulertzen nola utz litekeen egun batetik bestera bertan behera ondoen funtzionatu duen eta baloratuena izan den baliabidea, gu ere, Muhammad bezala, Heldu-lekurik gabe utzita.
(*) Ainara Ormaetxea Harto, Begoña Aguirre Ibarguen, Ekain Larrinaga Muguruza, Gorka Errasti Bernedo, Kristina Morales Lopetegi, Marian Suarez eta Verónica Redondok ere artikulu hau sinatzen dute.