GARA > Idatzia > Ekonomia

Laborantza modernizatu eta nekazal eredua babesteko legearen ahalmenak eta mugak

Asanblea Nazionalak onartu berri du nekazaritza modernizatzeko legea. Bruno Le Maire ministroak, Estatu frantseseko laborantza eredua arriskuan dagoela iritzita, «egiazko iraultza» eragin nahi du legearen bidez. ELBk, ordea, ez du uste mamiari heltzen dionik.

p026_f01140x200.jpg

Arantxa MANTEROLA

Bederatzi hilabete eztabaidak, bilkurak eta harremanak izaten igaro ostean, urgentziako prozedura erabiliz nekazaritza modernizatzeko legea arau bihurtu da. Le Maire ministroaren esanetan, laborariek diru sarrera duinak izango dituztela bermatzea lehentasuna da, are gehiago, 2009an izan dituzten galerak ikusita (%34 gutxiagoko irabaziak izan dituzte batez beste). Norabide horretan, besteren artean, ekoizleen eta nekazaritza industriaren arteko kontratuak arautzearekin batera, aurrerantzean, salneurri eta mozkin marjinetan gardentasuna areagotu, hondamendi klimatiko eta izurriteen aurka babes neurri gehiago ezarri eta landa lurren espekulazioa oztopatzea ahalbidetuko du legeak.

Ez hori bakarrik, 2013an Nekazal Politika Bateratua berraztertuko delarik, orain ezarritako neurri batzuk -batik bat, ekoizleen eta industrialen arteko tratuetarako irizpideak-, Europar Batasuneko gainerako herrialdeek eredutzat hartuko dituztela espero du Le Mairek.

Bere esanetan, «gogorrak edo zailak izan arren, ezinbestekoa da neurri hauek hartzea» baldin eta Estatu frantseseko laborantza eredua babestu nahi bada. «Jabetzen naiz ez dela erraza, esaterako, arrisku klimatikoen gaineko aseguruak egitea; hala ere, ez dago beste biderik. Guk ez baditugu neurri hauek hartzen, nazioarteko lehiak behartuko ditu etorkizunean, eta, orduan, ustiapen handiek eta industrialek gaina hartuko diete gure ereduari» zehaztu du Le Mairek.

Legea, hankamotz

Alta, lege berri bat aspalditik erreklamatu duten arren, eragile askok hankamotz geratu dela uste dute. Horien artean, ELBk dio ez diola «inolaz ere laborariek pairatzen duten krisiari ihardesten». Ekoizpenen salerosketa kontratatzeko garaian, adibidez, ez du kontuan hartzen enpresa erosleen kontzentrazioak laborarien ahultzea eragin duela. Beraz, «legeak ezartzen dituen baldintzak ez dira aski prezioak enpresek finkatzen badituzte. Iaz, esnearekin, argi eta garbi ikusi zen». Horregatik, kontratua nola egin baino lehen, erregulazio publikoa segurtatu behar dela irizten dio.

Zehazki, Confederation Paysanne (CP) sindikatuarekin batera, salneurriak erregulatzeko garaian, galerak izanez saltzeko aukera debekatzea eskatu du ELBk. «Laborari batek hurrengo bost urteotan zenbat produzitu eta zenbatera salduko duen, beharbada, jakinen du, baina horrek ez dio diru sarrera duinik bermatuko. Horretarako, ekoizpen gastuak eta mozkin marjina kontuan hartu behar dira ezinbestean, eta hori ez du egin lege honek», diote sindikatuetatik.

Bestalde, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako laborarien sindikatuaren aburuz, «laborantzan diharduten eragile askotarikoen parte hartzea ez du bermatzen» lege berriak. Moldaketa horiek egitea egungo egituren barne afera dela dio Gobernuak, baina, esparru horretan FNSEA jaun eta jabe denez, sindikatu eta eragile guztien presentzia lege bidez segurtatzea eskatzen zuen ELBk, era horretan «ordezkaritza anitzarekin erabaki demokratikoagoak» ahalbidetze aldera. Aurrerantzean ere, ordea, «betiko erabakiguneen esku» izango da denei eragiten dieten delibero garrantzitsuak hartzeko ahalmena. Erabakigune horien osaketa, gainera, «ezin da inolaz ere justifikatu» CPren ustez, «ekoizleen erdia ez baitago ordezkatuta».

Laborantzako lurrak etxebizitzak edo industriguneak eraikitzeko saltzen direnean, salmentaren gainbalioari zerga berri bat aplikatuko zaio aurrerantzean. ELB bat dator neurriarekin, baina, espekulazioren aurka «egiaz eraginkorra» izateko, «ausartagoa» beharko luke, besteak beste, zergaren ehunekoa finkatuz (gutxienez %10). Gainera, bide horretatik bilduko den dirua laborari gazteak instalatzeko izango dela esaten bada ere, «ez da zehazten funts horiek nola bideratuko diren eta hori argi eta garbi jaso beharko litzateke».

Nekazaritzan jarduten duten frantziar Estatuko beste erakunde batzuk ere antzeko kritikak egin dituzte, Coordination Ruralek esaterako. Lehen sektoreko eragile guztiak bat datoz nekazaritza frantsesak lehiakortasuna hobetzeko premia gorria duela aitortzerakoan, baina, aldiz, ez dute uste lege honekin lortuko denik; are eta gutxiago, ministroak dion moduan, legeak «iraultza» eragingo duenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo