GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

tourra Adierazpenak

ŤAtzoko dezepzioa eta gero, garaipen polita dať

GARA | DONOSTIA

Garaipena lortzetik gertu egon zen ostiralean Alexander Vinokourov, baina bere taldekide Alberto Contadorren erritmo aldaketak irabazteko aukera guztiak uxatu zizkion. Atzo, ordea, sekulako erakustaldia egin zuen helmugara lehena iristeko.

Astanakoa oso pozik zen etapa irabazi eta gero: «Garaipen polita izan da. Atzoko [ostiralagatik] dezepzioa eta gero, adore handia emango dio taldeari».

«Amateurretan hasi nintzenean, Tourreko etapa bat irabaztea Munduko Txapelketa irabaztea bezalakoa zela esaten nuen», gaineratu zuen kazakhstandarrak.

Samuel Sanchezek ez zuen irabazlea zoriontzeko aukera galdu: «Igotzen geundela bota du erasoa; indartsuena izan da. Ikusi ahal izan denez, ez ditu bere abileziak galdu. Txalotzekoa da».

Halaber, helmugara iritsi bezain laster, tropelkide batekin egunean zehar izandako eztabaida argitu nahi izan zuen Euskaltel Euskadiko txirrindulariak. Asturiarraren hitzetan, «laugarren izateko itsu-itsuan doaz, gainetik pasatzen zaizkizu eta metro gutxiren faltan ia lurrera bota naute».

Alberto Contadorrek, bere aldetik, Vinokouroven garaipenagatik «hunkituta» zegoela adierazi zuen. Bere taldekideari besarkada handi bat eman eta gero, honakoa aipatu zuen: «Vinokourov nire alde gogor ari da lanean. Bai bera eta baita talde osoa ere. Beraz, asko pozten naiz bere garaipenagatik. Hunkitzea kostatu egiten zait, baina gaur hunkituta nago».

Aurreko etapan gertatutakoa argitu nahi izan zuen Pintokoak: «Gertatutakoak oso zapore txarra utzi zidan. Irratirik gabe nengoen, eta, aurrera jo nuenean, ez nekien Vino aurretik zihoala».

Bestalde, bi aldiz Tourreko garaile izandako txirrindularia penatuta agertu zen atzoko etapan erorketa izan zuen Daniel Navarrorengatik. «Ezer larririk ez izatea espero dut», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo