GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

San Miguel liga

Bila ibili denak lortu du azkenean

Pasai Donibanek ondo merezitako aurreneko garaipena erdietsi du Urdaibai erlojuaren aurkako saioan 4 segundoko aldeaz garaitu ostean.

Ander GARTZIA

Bila dabilenak lortu ohi duela dio esaerak eta birritan esku artetik banderak ihes egin ostean, ondo merezitako garaipena erdietsi zuen atzo Pasai Donibaneko ontziak Moañako uretan ospatutako San Miguel ligako bosgarren estropadan. Gipuzkoarrek ezin hobeto ekin diote denboraldiari, eta egunotan San Juan elkarteko agintariek behin eta berriz beraien helburua maila ez galtzea dela gogoratu duten arren, egutegiko lehen zatia modu bikainean borobiltzea lortu zuten atzo garaipen bikaina eskuratuta. Pasaitarrek soberan erakutsi dute punta-puntako trainerua osatzen dutela, eta, lasaitu ederra emango dien bandera erdietsi eta gero, Ligako izar handien pare kokatu dira. Hala, liga bera eskuratzeko hautagai sendoak direla erakutsi dute.

Gipuzkoarrak, popatik jotzen zuen haize zakarrak bultzatuta, indartsu atera ziren aurreneko luzetik bertatik; horren erakusle, ziaboga guztietan ezarri zituzten eguneko marka onenak. Igor Makazagaren mutilek arraunkada sendoa erakutsi zuten uneoro -eguraldiaren baldintzak ikusita balentria handia da hori, ufada artean erraza baita hasierako erritmoa galtzea-, eta, ondorioz, azken txandan aurkari nagusi izan zuten Urdaibai menpean hartzea eta garaipena eskuratzea lortu zuten.

Endika Perez patroiaren gidaritzapean, honako arraunlariak aritu ziren atzokoan «Erreka» ontziaren tostetan: Makazaga, Korta, Osanbela, Etxeberria, Durandegi, Artetxe, Kortajarena, Tolosa, Arrizabalaga, Eizagirre, Mendizabal eta Alfonso.

Estropada, erlojupeko eran

Zalaparta handia izan da azken asteotan arraun munduan batere fidagarriak ez diren estropada eremuen kontura, eta atzokoan beste pasarte beltz baten testigu izan ziren arraunlariak zein arraunzaleak. Kanpoko balizak bata bestearekin elkar loturik mantentzen dituen soka apurtu zuen ontzi batek, eta, ondorioz, bertan bera gelditu zen hasiera batean aurreikusita zegoen lerrokako estropada. Azken orduko aldaketak hankaz gora jarri zituen prestatzaileen asmoak, zama handia baitu uretara irten berriak diren mutilengan halako gertaera batek; kontuak kontu, ez zuten astirik izan aldaketarik egiteko. Halaber, kaleen zozketa jada egina zegoenez, aurreneko bi kaleak egokitu zitzaizkien elkarteak kaltetuta suertatu ziren -Pasai Donibane bera eta Astillero tarteko-. Izan ere, Moañako estropada eremuak babes handia ematen die lehen eta bigarren kaleetan diharduten traineruei. Arazoak arazo, estropada erlojuaren aurkako modalitatean jokatu zen azkenean, eta, haizea protagonista izaki, tosten artean indar handia pilatzen duten ontziek besteen gainetik gailentzeko aukera aproposa izan zuten.

Hala ere, gainontzeko traineruen gainetik, etxean aritu zen Tiran nabarmendu zen atzokoan. Galiziarrek estropada ezin dotoreagoa osatu eta denboraldiko ezuste handienetakoa emateko zorian izan ziren. Pontevedrako «Ruly» ontzia jaun eta jabe izan zen lehen txandan eta gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten ohorezko txandako ontziek galiziarren ziabogako denborak hobetzeko. Irabazleez gain, bermeotarrak izan ziren etxekoen marka apurtzeko gai izan ziren bakarrak.

Urdaibai maila oso onean aritu zen Galiziako uretan, eta, asteazkenean Bizkaiko txapelketan plazaratu dezakeen talde nagusitik haratago, garbi erakutsi zuen estropada bakarrean kontuan hartzeko ontzia dela. Oriok, berriz, asko sufritu zuen aurrenekoen erritmoari eusteko eta laugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. Kaikuk eta Castrok, ostera, ez zuten hobekuntza handiegirik erakutsi eta orain arte ez dira aurreko postuetan sailkatzeko gai izan.

Gaur, bestalde, eguerdiko 12.00etatik aurrera (ETB-1), San Miguel ligako seigarren proba puntuagarria jokatuko da. Bigarren egunez jarraian, Moañan izango da proba. Aurtengo TKE ligaren legedi aldaketa dela eta, larunbateko lau ontzi azkarrenek osatuko dute ohorezko txanda. Beraz, Pasai Donibane, Urdaibai, Tiran eta Orio lehiatuko dira ohorezko txanda horretan.

Moañako XXVIII. Bandera

Galiziak garaipena lortu du Euskotren ligan gipuzkoarrak aurrenekoz gainditu eta gero

Galiziako ontziak denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuen Moañako uretan ospatutako Euskotren ligako hirugarren estropadan. Etxean aritu ziren neskak jaun eta jabe izan ziren azken unean erlojupeko gisa jokatutako proban; hala, bide batez, orain arten gipuzkoarrek erakutsitako erabateko nagusitasuna etetea lortu zuten. Atzokoan Zumaiako trainerua aritu zen Gipuzkoako selekzioaren ordezkari gisa, eta estropada guztian zehar haizea aurka izan bazuen ere, oso maila ona erakutsi zuen. Aldiz, ez zen galiziarren erritmoari eusteko gai izan. Bizkaitarrak, berriz, fin aritu ziren eta azken estropadetan erakutsitako hobekuntza egiaztatu zuten. Hiru estropada jokatu ostean, Gipuzkoa da lidergoan 11 punturekin; hau da, galiziarrek baino bat gehiagorekin. A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo