GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Zer esango dizuet ba?

Amets TXURRUKA

Txirrindularia

Konturatu berri naiz gero eta gutxiago ulertzen dudala txirrindularitzaz, eta, ondorioz, atzoko etapari buruz ezer idatzi baino nahiago dut besteen azalpenen zain geratu. Pertsonalki, txirrindularitza zaharra dut gogoko, sentsazio eta emozioek gidatutako erasoek protagonismoa zutenekoa. Eguneratu eta txirrindularitza moderno hau ulertzeko ikastaroren bat jaso beharko dut. Bien bitartean, nagoen egoera berezi honetatik egindako hausnarketa txiki batekin natorkizue.

Azken etapa hauek ikusiz, ondoko ideiok datozkit burura: badirudi Contador eta Andyk maldan gora duten gaitasuna, Cavendishen azken metroetako garra edota Chavanel edo Vinokouroven eraso grina eta lehiakortasuna berezko dohainak direla. Berezkoak bai, baina berezkotasun horrekin soilik ez dago maila hori ematerik. Dohain horiek egunero zaindu eta landu beharra dago; hala, aipatutakoek egun errepidean erakusten duten erraztasuna denbora luzez asko kostatako ekinaldien emaitza da.

Giza gorputzak gaitasun eta muga batzuk ditu. Kontua da gorputzari errendimendu maximoa atera nahi baldin badiogu, muga horien jakitun izan eta berezko gaitasunak ahalik eta zehatzen landu eta findu behar direla.

Gorputza argia da eta inguruko baldintza eta beharrizanetara egokitzen daki. Goi mailako kirolarien kasuan, gorputza bera esfortzu maximoak egitera egokitzen da entrenamenduetan emandako estimuluen ondorioz. Baina alderantzizko noranzkoan ere erraz egiten du bidea; azken egunetan bizitzen ari naizenarekin hori frogatu ahal izan dudala zin dagizuet. Tourreko laugarren etapan erorikoa izan ondoren, hamar egun geldirik egon behar izan dut. Hautsitako lepauztaiaz gain, erorikoaren ondorioz izandako hainbat zaurik oinez egitea ere oztopatu didate. Beraz, zuritik beltzera.

Azkenik, 11 egunen ondoren, arrabolean bizikleta finkatu, lesioak ahalbidetzen didan neurrira egokitu eta pedalei lehendabiziko birak eragin nizkion atzo. Pufa! Beltza! Hain urrun al daude duela orain dela 11 eguneko sentsazio haiek? Hau miseria! Erritmo bera mantendu ahal izateko, minutuko 20 bihotz taupada gehiagotan jarri zait bihotza. Orduan deskantsuko erritmoa zenak, egun, dezenteko ahalegina eskatzen dit. 40-50 minutuko saioa iraupen entrenamendua iruditzen zait, eta 5 ordu inguruko iraupen entrenamendua amestu besterik ezin egin! Ai, ai, ai! Zein erraz moldatzen den gorputza bizimodu alferrera!

Bizimodu alferra ez dut batere gogoko, ordea. Ez naiz eroso sentitzen egoera honetan, eta, beraz, datozen egunetan ahal dudan neurrian gorputzari sasoi fisikoa hobetzeko asmoz estimulu ezberdinak ematen saiatuko naiz, gorputza pixkanaka maila altuagora egokitzapenak egiten joan dadin. Ea oraingoan maila fisiko on bat lortutakoan bizikleta gainean oreka mantentzeko gai naizen! Aurtengoz desorekaren kupoa beteta dudalakoan naiz eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo