GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Tourra Pirineotan

Arazo guztien gainetik, Tourmaleten Euskal Herriaren ahotsa entzungo da

Tourraz gozatzeko eta, era berean, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko, ESAITek urteroko bizikleta martxa antolatzen du Tourmalet mendian. Aurten, gainera, hiru egunez luzatuko da Pirinioetako egonaldia. Oztopo guztien gainetik -karpa lekuz aldatu beharra izan dute-, jaia, txirrindularitza giroa eta ikurrinak ez dira faltako.

p006_f02.jpg

Arnaitz GORRITI

Tourmalet mendate mitikoa da, Pirinioen arima 2.000 metrotik gorako mendatetzarrean dagoela dirudi. Hori Tourrak inork baino hobeto daki, eta, hargatik, aurten, lehenengoz igo zenetik mende bat bete dela ospatzeko, birritan pasako dute txirrindulariek. Tourmaletak lasterketa honetako eta txirrindularitzaren historiako urrezko uneak bizi izan ditu. Ondorioz, ez da arraroa jende andana hurreratzea bertoko errepide bazterretara, are gehiago aurtengo Tourra bertan erabakiko dela dirudienean.

Aspaldiko urteetan egin duten moduan, ESAITeko kideak ere bertan dira. Larunbat goizean iritsi ziren Martxel Toledo, Mikel Uzkudun eta enparauak, euskal selekzioen aldeko hamargarren bizikleta martxa eta ohiko jaialdia antolatzeko asmoz. «Ez gara heltzen lehenak izan, ezta gutxiago ere», adierazi zigun Martxel Toledok. «Estatu frantsesetik, Alemaniatik, Herbeheretatik, Suitzatik, Estatu espainoletik ere, jende ugari iritsi da; ostiraletik bertatik, hain zuzen. Baita euskaldun zenbait ere, guztiak ikurrina eta guzti».

Aurreko urteekin alderatuta, baina, aurtengoan hiru egunez egonen dira Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeko kideak Tourmaleten. Alabaina, aurten ez dute aurreko urteetako egokiera berbera izango; izan ere, antolakuntzak, Estatu frantseseko Poliziaren bitartez, ez die Tourmalet gailurrean izan ohi duten eremua hartzen utzi.

«Mahaia, karpa eta abarrak jartzeko leku handia behar izaten dugu, eta, horregatik, ez digute goian geratzen utzi. Izan ere, leku hori hartuta dauka antolakuntzak, eta inori ere ez diote han kanpatzen uzten. Antza Sarkozy berak helikopteroz etorri behar du, eta, hortaz, ez diote inori han geratzen uzten. Akaso, kanpin denda txikiak izan bagenitu... Baina guk karpa eta bestelakoak muntatzeko leku handia behar dugu, eta, hargatik, ez digute laga».

Hala, etsi gabe, hiru bat kilometro beherago dagoen Superbareges eski estazioan izango dira, teleferikoaren azpian. «Euskal festari garrantzia ematea erabaki dugu eta Baregeseko lekuren batean karpa muntatzea pentsatu dugu. La Mongien geldituko bagina, osteguneko etapa ikusteko urrunegi ginateke. Bareges azpian aparkaleku handi batzuk daude, eta autobusak lanzadera gisa bidaliko ditu antolakuntzak bertatik gailurrera -osteguneko, hamazazpigarren etapako helmugara, hain zuzen- iristeko. Karpa hemen ipini dugu dagoeneko».

Hala ere, zale gehienak autoan etorriko direla kontuan hartuta, batez ere osteguneko etapari begira, leku falta izango ote den kezkaturik mintzo zen Toledo. «Euskaldunak astelehenetik -gaurtik- aurrera espero ditugu batez ere. Ez dakidana da non jarriko dituzten: edo La Mongien, edo Baregesen. Badago egon Superbaregesen ondoan ibar handi bat eta han bada non kanpatua; hori bai, ez dakigu non kokatu ahal izango diren eta gugana nola iritsiko diren. Antolakuntzaren azpiegiturak txoko guztiak hartu ditu».

Egitarau berbera

Leku aldaketak leku aldaketa, euskal selekzioaren aldeko hamargarren jaialdi honen egitarauak bere horretan iraungo duela argitu zuen ESAITek atzo bidalitako prentsa ohar baten bidez. «Aurreikusita zeuden ekimenak horretan darraite, hau da, bi txirrindulari martxak -20an La Mongie-Tourmalet eta 22an Bareges-Tourmalet-, mendi irteera -Midi du Bigorre estazio meteorologikora- eta 21eko euskal festa egin egingo dira», argitu dute.

Azken baten, Tourreko ohiko irudia da euskal txirrindulari zaleak bere selekzioaren aldeko bizikleta martxan ikustea; are gehiago aurten, non ESAITek 6.000 ikurrina banatzea pentsatu duen «Basque Country, a nation, a team, Euskal Herria» leloarekin. «Asteartean eta ostegun goizean eta euskal festan banatuko ditugu. Hala ere, gehienek ekarriko dituztela espero dut», gaineratu zuen Martxel Toledok. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Euskaltel-Euskadi taldeari bere ibilgailuetan «Espagne-Spain» leloa jartzeko erabakia salatzeko ekitalditxo bat antolatuko dute.

«Euskal jaian, berriz, bertsolariak, trikitilariak eta ohiko txistorra, gazta, sagardoa... izango dira, giro ezin hobean», nabarmendu zuten ESAITeko kideek. «Hemen izango gara, eta espero dugu martxetan eta jaian jende askok parte hartzea. Hori da gure helburua. Goiko kasko horretatik aparte gaude eta hori da gure kezka, kokagunea aldatzea kalterako izango ote den. Leku polita da eta merezi du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo