GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Euskal Herriko finala

Ormaetxeak hasieratik erakutsi nahi izan du bere agintea

Orendaingoa lehen sailetik aurreratu da, eta beste inork ezin izan dio haren erritmoari eutsi.

p036_f01_444x444.jpg

Jon LEUNDA

Jexuxmari Ormaetxeak ez zuen arazorik izan atzo Oiartzunen, Pikoketan, jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa irabazteko. Orendaingoa zen garaipena lortzeko faborito nagusia, eta gipuzkoarrak ez zuen hutsik egin. Guztira lau segalari aritu ziren, eta ordubeteko lana izan zuten.

Hasieratik ikusi zen Ormaetxea besteen gainetik zegoela. Lehen sailetik aurrea hartu zuen Orendaingoak, eta gainerakoei berehala kendu zien alde nabarmena. Hala ere, aurretik joateak ez du balio, hemen kiloak moztu behar dira; hori bai, biltzaileak lanean hasi bezain pronto ikusi zen Ormaetxea belarra ongi ari zela mozten, eta denek garbi zuten txapela nora joango zen.

Emozioa bigarren posturako egon zen. Mariñelarena eta Kanflanka ibili ziren parean sailetan, baina amaieran leitzarrak aurre hartu zion Mariñelarenari. Etxeberria atzealdean ibili zen, eta azkenean ezin izan zuen azken postua saihestu. Segalariek belarra oso ongi moztu zuten, eta bukaeran Kanflankak eta Mariñelarenak bakarrik jaso zuten zigor bana.

Sailkapena honela geratu zen: lehenengo Ormaetxea (2.884,5 kilo), bigarren Kanflanka (2.610 kilo), hirugarren Mariñelarena (2.509 kilo) eta azken postuan Etxeberria (2.237,5 kilo).

Nazioarteko era

Nazioarteko eran, herenegun jokatu zen Etxalekun Almitza elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Txapelketa, eta, bertan, Altzo, Garin, eta Garmendia izan ziren nagusi. Nazioarteko eran azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar dira; ez du balio saila azkar mozteak, txukun egin behar da, bestela zigorrak izaten baitira.

Gizonek 100 metro karratuko saila moztu behar zuten, eta hor Altzo izan zen nagusi. 3 minutu eta 15 segundo izan zen zaldibiarrak egindako denbora. Bigarren Gabirondo sailkatu zen (3.25), hirugarren Agirrezabala (3.45), laugarren Garmendia (4.04) eta bosgarren Mendizabal (4.05). Guztira 17 segalari lehiatu ziren.

Emakumezkoek 35 metro karratuko sailak moztu behar izan zituzten, eta Arrate Garin nagusitu zen. Amaieran, ehunenekoek erabaki zuten sailkapen nagusia. Hain zuzen ere, 1.39.57 izan zen bere denbora eta 1.39.68 Gerestarena. Hirugarren Olano sailkatu zen (1.46), laugarren Mazkiaran (2.31) eta bosgarren Galarraga (3.12).

Era tradizionalak inoiz baino sasoi laburragoa izan du

Era tradizionaleko segak inoiz baino denboraldi laburragoa izan du. Euskal Herrikoan finalerdiak eta finalak izan dira, baina herrialdekoetan ikusgai dago zer gertatuko den. Gipuzkoako txapelketa ez da jokatuko, eta badirudi Nafarroakoa ere ezetz. Bizkaikoa ikusgai dago.

Orendaindarra oso gustura geratu da egindakoarekin

Ormaetxea oso gustura zegoen lortutako txapelarekin. «Urte batzuk pasatu dira txapelik gabe, tarte horretan oso aurkari gogorrak izan ditut, baina aurten irabazi ahal izan dut eta oso gustura nago. Egindako lanarekin konforme geratu naiz; are gehiago irabazi eta gero».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo