GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Surf eredu ezberdinak: taulak, luzeak edo motzak

Surfaren jatorrian taula luzea dago. Taula motzagoak agertzearekin batera surfa ulertzeko modu desberdinak ere azaltzen joan dira.

p038_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Polinesiako uharteetatik dator surfa; bertatik Hawaiira eman ziren migrazioetan omen dago iturburua. 1778. urteko urtarrilaren 18an James Cook kapitainak bere oinak Oahuko irlan jarri zituenez geroztik, ordea, gauzak asko aldatu dira Hawaiiko jatorrizko biztanleentzat; noski, txarrerako. Lehenik eta behin, gizon zuriak gaixotasun ezezagun ugari eraman zizkien. Surfak berak ere jaso zuen gizon zuriaren erasoa: okupatzaileek debekatu egin zuten beraien moral kalbinistarekin bat ez zetorrelako. Aldiz, denborarekin, Hawaiiko Waikiki hondartzan berpiztu zen berriz ere, surf modernoa deritzona sortuz. Munduko igerilaririk onenetako batek, Duke Kahanamoku handiak, sekulako erantzukizuna izan zuen berpizkunde horretan. Surflaria ez ezik, igerilari aparta zen Duke; horren erakusle, urrezko domina irabazi zuen 1920. urteko Olinpiar Jokoetan. Lau urte beranduago, Johnny Weissmüllerrek, denborarekin zineman Tarzan famatuaren papera egingo zuen aktoreak, garaitu zuen.

Kajanamokuren garaietatik 70eko hamarkadara bitartean, surf egiteko taula handiak bakarrik erabiltzen ziren, egun tabloi moduan ezagutzen ditugunak. Surf egiteko modua ere desberdina zen. Helburua, inguruarekin harmonian jardutea zen. Txapelketak egiten hasi zirenean, puntuatzeko irizpide nagusia denborak markatzen zuen. Taularen aurrealdean bi oinak elkartu eta horrela denbora gehien irauten zuenak irabazten zuen. Estiloa bere ere oso garrantzitsua zen.

Gaur egun tabloia edo longboarda modalitate bat da, surf egiteko modu bat, hastapenetako ideia estetikoari eutsi nahi dion modalitatea. Egungo nahaste-borrasteak modalitate bakoitzaren funtsa zein den ere lausotzen du, eta, bakoitzak nahi duena egin badezake ere, idatzi gabeko hainbat arau badira. Futbolean helburua pilota atean sartzea da. Gero norbaitek beste modu batera jokatu nahi badu, helburua beste bat izanda, esate baterako, pilota ahalik eta denbora gehien airean mantenduz, bada, oso ondo. Hori bai, futbolaren beraren helburu gorenak aldatu gabe jarraituko du: arerioari gola sartzea. Surf modalitateetan ere berdin: bakoitzak helburu eta izate bat dauka, eta gero norberak ikusiko du zer egin. Bodyboard modalitatearen funtsa etzanda ibiltzea da; surf taula batekin ere egin daitezke etzandako ariketak, baina tresna bakoitza gauza desberdinetarako erabiltzen da.

Honolulun 1911. urtean lehen surf elkartea sortu zenetik, kirol honek bere bidea jarraitu du gaurdaino. Beraz, mende bateko ibilbidea du jada. Gurean, ordea, mende erdia baino ez daramagu surf egiten; ondorioz, bilakaera askoz ere azkarragoa izan da, eta, horregatik hain zuzen ere, ez dugu surfaren berezko izatea behar bezala barneratzeko astirik ere izan.

Surf modernoaren bilakaera 70eko eta 80ko hamarkadetan eman zen, Australian. Surf egiteko estilo berri bat ezarri zuen Nat Young edo egun erabiltzen den hiru lemako sistema asmatu zuen Simon Anderson bezalako surflarien eskutik eman zen bilakaera hori. 1968. urtetik aurrera, taula txikiak nagusitzen hasi ziren eta surf egiteko modua erabat aldatu zen; arinagoa eta erradikalagoa bihurtu zen, garaiei egokituagoa. Aldiz, surflari askoren ustez, bere izatea galduta.

Nat Young australiarra munduko surflaririk onenetarikoa izan zen bere garaian. Taula luzearekin txapelketa garrantzitsuak irabazi zituen AEBetan; aldiz, taula motza agertu zenean, aldaketara egokitzeko gaitasuna bazuela erakutsi zuen. Taula luzearekin, 1966ko Munduko Txapelketa irabazi zuen San Diegon, Kalifornian. Bi urteren buruan, taula txikia agertu zen eta surf egiteko modu berri bat markatu zuen Young berak. Bere irudiek munduari buelta eman zioten. Leku ezezagunetan surf egiten agertzen zen aldizkarietan; ez hori bakarrik, inoiz ikusi gabeko ariketak egiten zituen taula txikiarekin! Arrakasta itzela izan zuen, baina, aldiz, Young ez zegoen aldaketarekin gustura; surfak bere esentzia galdu zuelakoan zegoen eta aldi baterako erretiratzea erabaki zuen. Bien bitartean, surfak, taula txikiekin, bere bide berriari ekin zion. Aurrerago, taula handiekin surf egiten hasi zen berriz ere Young, hasiera batetik surfak zuen bidea jorratuz; alegia, estetikaren bidea landuz. Paradoxikoa dirudien arren, horrela izan zen: taula txikien erabilera gehien bultzatu zuen gizonak taula luzeekin surf egiten amaitu zuen.

Sanferminak eta Biarritz

Europara surfa Euskal Herritik bertatik sartu zen, Biarritzetik hain zuzen ere. 1957an izan zen. Urte horretan, Hollywoodeko zinegile talde bat Iruñera etorri zen, Ernest Hemingway idazlearen «Fiesta» liburu ezaguna zinemara eramateko asmoz. Guztien buru Darryl Zanuck iritsi zen; zinemaren munduko jauntxo eta ekoizle ezaguna zen, Fox etxearen sortzailea besteak beste. Bere agindupean ziren Henry King zuzendaria eta bi aktore ezagun: Tyrone Power eta Ava Gardner. Errol Flynn bera ere tartean zen. Europan, Peter Viertel idazle eta argazkilaria batu zitzaien. Filmatze lanetan parte hartu zuten Richard Zanuck eta Peter Viertelek, lana amaitu orduko, ziztu bizian alde egiten zuten Biarritzeko hondartzara, surf egitera. Behin lanak bukatuta, ordea, Hollywoodera itzuli zen lantalde osoa. Viertel bakar-bakarrik geratu zen Biarritzen, surf taulekin zer egin ez zekiela. Laster hurbildu zitzaizkion hondartzan zeuden hainbat euskal gazte, eta, Australiar batzuekin batera, surf egiten ikasteko hautua egin zuten.

Surfaren booma 60ko hamarkadaren hasieran eman zen, AEBetan. Estatubatuarrek surfaren demokratizazioa deitzen duten fenomenoa eman zen. Hasiera batean gutxi batzuk bakarrik zuten surf egiteko aukera, baina, bat-batean, ia edonoren eskura zegoen kirola bilakatu zen. Gurean surfak izandako bilakaera kontuan izanda, datu oso esanguratsua da hori. Izan ere, AEBetan milaka eta milaka pertsona surf egiten ari ziren bitartean, oraindik ere ia ezezaguna zen gure kostaldean. Iparraldean pixkanaka indarra hartzen ari zen, baina, Hegoaldean, aldiz, guztiz ezezaguna zen. Hego Euskal Herrian 60ko hamarkadaren erdialdean hasi zen pixkanaka jendea surf egiten; aldiz, surflari gutxi batzuk baina ez ziren Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean.

Surfak 80ko hamarkadan hartu zuen indarra Hegoaldean. Hala ere, 90eko hamarkadako amaiera arte, pijo-en kirol moduan ikusita zegoen eta oraindik ez zuen arrakasta handirik. Horrenbestez, gurean surfa bere bidea egiten hasi zenerako, etapa asko gaindituta zituen dagoeneko mundu mailan. Australia eta AEBetan batez ere, surfak belaunaldi desberdinak biltzen zituen jada uretan. Ipar Euskal Herrian ere bere martxan zihoazen gauzak; aldiz, Hego Euskal Herrian kolpe bakarrean jaso genuen dena. Taula handiak, txikiak, surf egiteko eta surfa ulertzeko modu desberdinak, hainbat faktore bildu eta denak zaku berean sartuta heldu zitzaizkigun. Ondorioa egungo nora eza da. Jada batek ez daki taula luzeekin surf egiteko modua zein den edo eredu desberdinak ba ote diren ere.

Euskal Herriko surfaren ibilbideaz hitz egin behar badugu, Iparraldea eta Hegoaldea bereizi beharrean gaude. Iparraldea munduko aldaketetara aspaldi egokitu bazen, Hegoaldean oraindik nora ezean jarraitzen dugu. Ereduak badira, asko gainera; beraz, onenak edo egokienak deritzogunak aukera ditzakegu, egun horretarako bitartekoak nahi adina baitira. Ez dauka zentzurik gure atzetik datorrenari so egotea. Hegoaldean eredu bakarra dagoelakoan gaude, alegia, eredu espainiarra. Aldiz, espainiarrei begira bagaude, jai daukagu; izan ere, aspaldi emanak ditugu guk beraiek oraindik eman ez dituzten urratsak.

Nora begiratu, hori da gakoa

Behera begiratu beharrean gorantz begiratuko bagenu, Hegoaldean oraindik eman ere ez diren pausuak Iparraldean zaharkituta direla konturatuko gara. Eta ereduez ikasi nahi badugu, surfari dagokionean munduko hiru leku garrantzitsuenetako bat da Iparraldea, AEBekin eta Australiarekin batera. Adibideak asko dira: hondartzetako surf eremuen erregulazioa, surf eskolen arautzea, surfaren industria indartzeko udalen arteko hitzarmenak, material didaktikoa...

Beste hainbeste gertatzen da surf modalitateei dagokienean. Hegoaldean, surf egiten hasten den edonor, egunen batean taula txiki batekin surf egingo duenaren esperantzan hasten da. Helburu hori hasieratik okerra da. Surf modalitateak eta surf egiteko erak, baita surfa ulertzeko moduak ere, anitzak dira. Behin oinarrizko lehen urratsak emanda, norberak gehien zer gustatzen zaion aukera dezake; ostean, aukeratutako bide hori jorratzeko moduan izango da. Iparraldeko edozein hondartzara jo eta eredu desberdinak ikusi ahal izango dituzue. Angelun, esaterako, olatuak txanpan harrapatzen dituztenen txapelketak egin ohi dira; alegia, olatuak inongo tresnaren laguntzarik gabe harrapatzen dituzte. Horrelakorik ez dago Hegoaldean. Batzuk txanpan, inongo taularik gabe, beste batzuk taula luzeekin, egurrezko taulekin, bodyboardarekin, ohiko taula motzarekin, belauniko ibiltzeko taulekin, kanoaz olatuak harrapatzen... denetarik ikus daiteke. Modalitate bat baino gehiago egiten dutenak ere badira. Baina garrantzitsuena honakoa da: modalitate bakoitzak bere izaera eta helburu propioak ditu.

Taula luzea eta motza nahasteko joera oso errotuta dago. Tabloien txapelketetan, esate baterako, taula txikiekin egiten diren ariketa berak egiten dituenari puntuazio altua ematen zaio sarri eta hori akats larria da. Bi gauza oso desberdin dira, bi modalitate oso desberdin. Taula txikian ariketen erradikalitateak du garrantzi handiena; tabloian, ordea, surflariaren estetika da garrantzitsuena, surflariaren eta olatuaren mugimenduaren arteko harmonia. Taula txikiarekin estiloa bigarren maila batean geratzen da; tabloian, bien bitartean, estiloa da dena. Nat Youngek oso garbi ikusi zuen. Edozein taula motarekin surf egiteko gai zen, baina gustuko zuen eredua aukeratu zuen, nahiz eta beste surf eredu baten aitzindaria bera izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo