GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Zer da surfa?

Surflari ernegatua

Eztabaida sutsua sor daiteke surfa zer den azaltzerako orduan, pertsona adina esplikazio jaso baititzakegu. Baina, oinarri-oinarrian, olatu bat harrapatu, zutik jarri eta nahi bezalako ariketak egitea da surfa. Eta hori ere, nahiz eta surfaren printzipio oinarrizkoena izan, eztabaidagarri bihurtzen da zenbaitetan...

Zutik jartzen ez dena ez al da surf egiten ari? Ez. Beste zerbait egiten ariko da, beste kirol modalitate bat, bodyboard, knee board edo dena delakoa, baina ez surfa.

Eta gondolan olatuak harrapatzen dituztenak surf egiten ari al dira? Ezta ere. Egun surfaren hastapenetako modalitate moduan aurkezten da gondola edo SUP (Stand Up Padle) modalitatea, eta, agian, egia izango da, baina horren atzean arrazoi komertzial hutsak daudenaren zantzuak argiak dira. Gondolan arraun baten laguntzarekin harrapatzen dira olatuak, eta, gainera, ez dago zutik jarri beharrik; izan ere, gondolaria zutik dago jada.

Arrazoibide bera erabilita, traineru bateko patroia ere surfean ariko litzateke olatu bat harrapatzen dutenean. Beste horrenbeste esan daiteke uretako motoen laguntzarekin olatuak harrapatzen dituztenen inguruan, deitu Tow-in surf edo nahi den bezala. Azken modalitate horretan ere ez da olatua harrapatzeko arraun egiten eta ez dago zutik jarri beharrik; beraz, surfaren oinarrizko bi premisak urratzen ditu.

Surfa kirol hutsa ote denaren eztabaida ere hor dago. Norbaitek esan dezake, «surfa kirola baina zerbait gehiago da». Okey! Norberak bere harri koxkorra dauka. Futbolzale batek ere gauza bera esan dezake. Dagoeneko inork zalantzan jartzen ez duena, nahiz eta orain gutxi arte horrela izan, surfa kirol bat dela da. Hortik aurrera bakoitzak gehi diezaiola nahi duen izenondoa. Eztabaidak eztabaida, oinarria garbia da: surfa kirol bat da eta helburua olatua arraun eginez harrapatzea, zutik jartzea eta olatuarekin modu batera edo bestera sintonizatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo