GARA > Idatzia > Kultura

Bigarren Mundu Gerrako giroa berreskuratuko du datorren astean «Xahakoa» pastoralak Barkoxen

Zuberoako Barkoxe herriak bertakoa zen Alexis Etxekopar «Attuli» idazlearen (1924-2005) omenez eramango du taula gainera «Xahakoa» pastorala. Emanaldiak hilaren 25ean, 31n eta abuztuaren 8an egingo dira.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

XX. mendean bizi izan zen Alexis Etxekopar Attuli barkoxtar idazlea gogoratuko dute aurten Barkoxen eskainiko den «Xahakoa» pastoralean. Idazlearen abestiak erabilita, XX. mendean bizitako gertakari nagusienak gogoratuko ditu pastoralak. Hala nola, Attuliren belaunaldikoen gazte garaiko giroa, Bigarren Mundu Gerra eta alemanen okupazioa, erresistentzia, mugalarien isilpeko lana, Gobernuak sortutako milizia, sasi poliziak, barkoxtar gazte baten fusilamendua edo gerra ondorengo Barkoxeko bizitza.

Berrikuntza bezala, aurtengo honetan hiru aldiz eramango da jendaurrera pastorala, nahiz eta ohikoa bi agerraldi ematea izaten den. Hala, hilaren 25ean 15.30ean, 31n 21.00etan eta abuztuaren 8an 15.30ean izango da pastorala ikusteko aukera. Guztira, 97 lagun aritu dira prestaketa lanetan orain arte, eta, hiru emanaldi hauen bidez, guztira 2.200 ikuslerengana heltzeko asmoa dute. Hori bai, tokiak aldez aurretik gorde behar dira; aurten Internet bidez ere egin ahal izango da erreserba.

Pastoralak antzinako Greziako herri tragedien antzeko antzerki emanaldiak dira. Historikoki, liburu santuetan, santuen bizitzetan edo literatura klasikoan oinarritu izan dira kontaketak.

«Xahakoa» pastorala Zuberoako Etxahun elkartearen ekimen bati esker sortu da. Elkarteak Zuberoa eta pastoralak munduari zabaltzeko hainbat ekintza antolatu izan ditu azken urteotan. Horrez gain, bestelako ekimenak ere antolatu izan ditu. Adibidez, Bigarren Mundu Gerraren urteetan Euskal Herriko errepublikanoak atxikitzeko Oloron ondoan eraiki zen kontzentrazio esparrua egon zen lekua ezagutzeko irteera antolatu zuten. Gune hori «Xahakoa» pastoralean aipatzen da eta mintzaldi bat ere egin zuten bertan bizitakoaren berri emateko. Bestetik, Barkoxetik bertatik ibilaldi bat antolatuta dute mugalariek erabiltzen zituzten bideak ezagutarazteko. Santa Grazi mendian zeharreko ibilaldia egiteko prest dute dena dagoeneko; aldiz, eguraldi kaskarra dela eta, orain artean ez dute egin. Antolatzailean asmoa abuztuaren amaieran egitea da.

Etxahun elkarteak webgune bat ere jarri du abian. Kanpotarrek Zuberoako kultura hobeto ezagutzea da webgunearen helburua, baita pastoralei eta maskaradei buruzko informazio zabala edozeinen esku jartzea ere.

EKIMEN UGARI

Pastoralaz gain, hainbat ibilaldi eta irteera antolatu ditu Etxahun elkarteak. Abuztuan mugalariek erabiltzen zituzten ibilbideak ezagutuko dituzte jada prest duten beste ekimen bati esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo