GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Baztandarren Biltzarra

Oronoz garaile, beste behin imajinazioa eta aldarrikapena batu dituen orga desfilean

Urtzeko moduko beroa egiten bazuen ere, inortxok ere ez zuen galdu nahi izan Baztandarren Biltzarreko orga erakustaldia. Hala, umore eta aldarrikapen jaiak Elizondoko karrikak hartu zituen beste behin. Oronoztarrak izan ziren azkenean lehen saria etxeratzea lortu zutenak.

p016_f03_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Kale bazterretan jendeak gainezka egiten zuen eta makina bat saiatu baziren ere, itzala zen guneetan tokitxo bat egiteko inolako ahalegina egitea alferrikakoa zen.

Gogotsu zeuden herritarrak, beste urteetan ez bezala, aurten ez baita larunbatean jairik antolatu. Hala ere, antolaketa lanetan zebilen Ixa Barberenak nabarmendu zuenez, kanpotik jende asko joan zen larunbatean ere. «Akaso ez zekitelako aurten ez zela jairik». Beste berritasuna, berriz, orgen desfilearen ibilbidearen aldaketa izan zen. Udaletxe aurrean amaitu ohi da desfilea, baina Foruen plazaren berritze lanak direla-eta, Merkatu plazaren sarrerara eraman dute aurten amaiera. Udaletxea ere itxita zegoen aurten, eta herriko agintari eta bailarako batzarreko ordezkariak ez ziren balkoian izan.

Ordezkarien harrerarik gabe ere, hamabiak alderako dantza talde eta orga guztiak kalean zehar zebiltzan, guztira 21. Baztan bailara osatzen duten hamabost herrietako bakoitzak bana; bailara mailakoa, bestea; eta Elizondoko talde ezberdinek egindakoak gainerakoak.

Gaiak ugariak eta ondo landuak denak. Protesta eta aldarrikapena oinarri zutenak asko, eta bailaran egin nahi dituzten Munoa harrobia eta Aroztegia guneko proiektu urbanistikoa salatzeko helburuarekin bat baino gehiago, bezperan egindako manifestazioari jarraipena emanez. Historian arakatu eta herriko pasadizoak eguneratzeko baliatu zituzten beste orga batzuk, baita, besterik gabe, ohiturak kaleratu eta ezagutarazteko ere.

Guztien artean, Oronozko orga suertatu zen epaimahaikideen begietara hoberena. Herritarrek aita santuarengana eliza eske egindako bidaia ekarri zuten gogora. Bidaia luzea eta gogorra izan omen zen, baina eliza egitea lortu zuten behintzat. Aita santuak zabaldu zuen orga, atzetik herritarrak zituela; tartean apezpiku paperetan zebilen Mikel Goñi pilotari oronoztarra ere bazegoen. Jose Luis Zazpe Oronozen bizi den donostiarra izan zen, berriz, aita santua. Ez da buru-belarri aritu prestaketa lanetan, izatez asteazkenean bertan jaso omen zuen proposamena, baina taldekideek lan andana egina dutela ohartarazi zuen. «Arropak lortu, beharrezko tresnak batu... Direnak eta ez direnak astintzen dira egun honetarako», esan zuen.

1918ko gripea

Berdinketa gertatu zen bigarren sarirako eta azken biei, Elizondoko Aise taldekoei eta Zigako orgari, 350 eurona eman zizkieten. Azken horiek, A gripea gora eta behera izan den honetan, 1918. urtean mundu osoan eragina izan zuen bestea ekarri nahi izan zuten gogora. Karrotillua izena eman zioten orduan eta «1918. urtean herrien ezintasuna karroluekin» berriz zigatarrek euren orgari jarritako izenburua. Ana Oteiza eta Maite Barberenak kontatu zutenez, ideiak bizikleta bat izan du oinarrian. «Bizikleta zahar hori bagenuen eta hura atera behar genuela pentsatuta, nork erabiltzen zuen hasi ginen aztertzen. Garai haietara egin genuen salto eta Europa osoa, tartean Baztan eta Ziga, gogor jipoitu zituen gripe haren berri izan genuen». Herriko helduenei galdezka eta han eta hemen begiratuta lortu zuten ondoren informazioa andana.

Hirugarren saria, berriz, Elbetek eraman zuen etxera. XIX. mende hasieran Baztango herri eta baserriak teilez hornitzen zituen teila lantegia irudikatu zuten, eta, bide batez, herritarrei teilak egiteko prozesua irakatsi zieten, hasi lur gorria biltzetik eta labean sartzeraino. Enpresako jabeak teiletxeko martxa zeraman Habans familiari urteko ordainsaria nola kobratzen zion ere irudikatu zuten, garaiko auto eta guzti.

Saririk ez zuen eskuratu, baina ikusgarrienen artean zegoen, akaso, Erratzuko herriak aurkeztutakoa ere. Aroztegiako proiektuak aurrera egiten badu eraikiko duten golf zelaia irudikatu zuten eta klub eta guzti aurkeztu zuten, guztiak apain-apain jantzita zirela. Ez zitzaien golfariak eramateko «autotxoa» ere falta. «Baztanen hamabost herri gara eta hamaseigarren bat eraiki nahian dabiltza, bailarako egiturarekin bat ez datorrena», azaldu zuen Erratzuko Azibar Telletxeak. «Beti ez dugu aldarrikapenerako baliatzen desfilea -azaldu zuen-, baina aurten gaia oso argi geneukan».

Zigakoak bizikletatik abiatu batuten euren orga, beste batzuek, berriz, parrilla zuten ezinbesteko baldintza. Hala, izan gai bat edo izan bestea, askotan ari ziren brasatan janaria sukaldatzen. Txistorra, hirugiharra, kostila... Guztien artean herrian barna janari usain ederra zabaltzea lortu zuten eta ikusleen artean bati baino gehiagori jarri zitzaion urdaila dardarka.

Lehen desfileak

1963az geroztik egiten da jai hau Baztan bailaran eta urte bakan batzuetan baino ez du hutsik egin Rosario Karrikaburuk. Arraiozko 87 urteko bizilagunak oso gogoan ditu lehen urte haietako jaiak. «Gogoratzen ditut gure herrian egindako orgak, orduan abereek tiratzen zituzten; ez zen gaur egungo traktorerik». Ahal izan duen guztietan gozatu du Baztandarren Biltzarraz; izan ere, «dena, den-dena», gustatzen omen zaio. Frankismo garaiko debeku eta zailtasunei aurre egindako jaia da hau eta, Karrikaburuk gogora ekarri duen moduan, «urte zail haietan orduan eta biziago eta ardura gehiagorekin» egiten zen jaia.

Lehen urte haiez mintzatu zen, halaber, Fermin Barazabal azpilikuetarra eta debekuak debeku «beti nahiko bakean ospatu» izan dutela festa ohartarazi zuen. Bestelakoak ere oroitu zituen: «Gogoratzen dut hasiera hartan Lekarozek irabazi zuela sarritan. Bertan fraide kaputxinoak ziren eta beraiek franko laguntzen zieten».

Ez da lehen urteaz geroztik urtero urtero egin jaia, hasiera batean bi urtez behin egitea baitzen asmoa; segituan bihurtu zen, hala ere, urteroko zita. Lan eskerga dela eta, Barazabalen esanetan, hala ere, hobe litzateke, jaia bi urtez behin egitea.

Orga erakusketa amaituta, mutil dantza egin zuten Laxoa plazan. Lehen txistu soinuak hasterako abiatu ziren lehenak ilaran. «Mutil dantza» izena izanagatik, emakumeek ere jaian parte hartzeko mutilak beste eskubide dutelako, emakume batzuk abiatu ziren dantzan eta hori ez zen nonbait parte hartzen ari ziren zenbaiten gustukoa izan; hala, dantza egiteari utzi zioten. «Izenak berak dio, dantza hau mutilek egin behar dutela, ondoren badute Iturengo inauterietako dantzan parte hartzeko aukera...», esan zuen, esaterako, dantzan aritutako lagun batek.

Ezin ulertuak izanagatik, Baztandarren Biltzarra ezer bada, bailara osatzen duten herrien eta herritarren anaitasuna ospatzeko jaia da, batzuek eta besteek izandako ideiekin eta haiek interpretatzeko jartzen duten gogo eta ahaleginaz gozatu eta barre egiteko okasioa, baita elkar hartuta parranda egiteko parada ere.

Hala, dantza amaitzerako zenbaitek hartua zuen tokia bazkaltzeko. Itzala atzo, beste ezeren gainetik zegoen kotizatua, eta are gehiago bazkal ordurako. «Ostegunean hasi ginen bazkarirako txartelak saltzen eta herritarrek jada badakite zeintzuk diren eguzkitan geratzen diren mahaiak; beraz, azkar ibili eta horiek saihesten saiatzen dira bertakoak», azaldu zuen Amaia Iturraldek, «Bizi ibili ez direnak jan beharko dute eguzki betean». Berak, ez itzal eta ez eguzki, 1.600 laguntzako bazkaria egin eta banatzen aritzea tokatu baitzitzaion. Haiek amaitutakoan batu beharko zuen herrian barrena zabalduta zegoen jai girora; izan ere, nahi izanez gero, eguna eta baita gaua ere ondo luzatzeko primerako aukera zegoen Elizondon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo