GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Paper gehiegi eta gizalege pixka bat

Egungo gerragintzaren etsairik sendoena ekonomia dela erakusten duten adibideak gogorarazten hasi beharrik ez dago, eta zor publikoaren hazkundeak NBEko Segurtasun Kontseiluak baino eragin bakezaleagoa duela apustu egiteko prest nago

Nori entzun edota irakurri nion ere ahaztu zait, aspaldiko kontua baita, alafede; «dena paperean» egiten zen garai haietakoa, hortik pentsa. Esapidea, hala ere, ez zait burutik joan harrezkeroztik: «Gerra luzeegien maratila da paper gehiegi sorrarazten dutela». Litekeena da Pentagonoko Paperen garaietakoa -duela 40 urteko estatubatuarren batena beraz- izatea burutazioa; baina zaharragoa eta beste nonbaitekoa ere izan daiteke, arazoa beti-betikoa dela esango bainuke.

Bi eratako «paperez» mintzo zen esale hura. Alde batetik, herrialdeetako banku zentralek jaulkitzen dituzten papertxo zenbakidun horietaz. Diruaz, alegia. Gerra modernoaren patua baita kapital-eskakizun izugarriak -eta mozkinak, balizkoak eta oso epe luzera bakarrik eskuragarriak- dituen jarduera dela; eta «lanak» luzatu ahala diru premiak esponentzialki biderkatzen dituen horietakoa, gainera. Egungo gerragintzaren etsairik sendoena ekonomia dela erakusten duten adibideak gogorarazten hasi beharrik ez dago, eta zor publikoaren hazkundeak NBEko Segurtasun Kontseiluak baino eragin bakezaleagoa duela apustu egiteko prest nago.

Bestetik, ordea, egungo gerrak, jarduera burokratikoa ere badenez, ezinbestez sortzen duen literatura administratibo oparo bezain baldres horren arazoa gogoraraztera zetorren gogoeta. Isilmandatu zigiluak erantsita hamarkada luzez ezkutuan zaharrarazi eta gero, ttanttaka eta urratu beltzez josita, noizbait historialarien eskuetara irits daitezen jasotako paper xahar horiena, alegia. Luzaroan egiatzat aldarrikatu eta, askotan, sinetsi zena ipuina besterik ez zela, eta egia konplitua beti askoz zikinagoa izan zela frogatzen duten agirien gogaikarrikeria latza, hitz gutxitan.

Izan ere, egungo gerretan, triskantza luzatu ahala, korapilo bertsua agertzen da behin eta berriz: halako paperen (dokumentu informatikoak izango dira orain, noski) artean dabilenen bati bururatzen zaiola hura dena, epeak eta isilmandatuak gorde gabe, jendeari ezagutarazi egin behar zaiola, nolako kakapilan murgilduta dagoen jakin dezan. Edota bururatu askori bururatzen zaie eta ausartzen dena da bakana? Ez dakit, baina hor daude kasuak.

Ospetsua ez ezik, erabakigarria ere bilakatu zen lehena Daniel Ellsberg izan zen duela 40 urte... fotokopiagailuan berak jakingo du zenbat ordu xahutu ondoren. Manifestazioetara joanda adinako probetxua atera zion, hala ere, langintzari. Eskulana behintzat errazagoa izanen dute oraingoek informatikari esker.

Gerra luzeegien patua gupidagabe ari da betetzen, berriro ere, Iraken eta Afganistanen. Bradley Manning-en kasua jazo zen lehenik iragan maiatzean, hiru urte lehenagoko zibil hilketa frogatzen zuen bideoa Wikileaks-era helarazi zuenean; eta harekin batera, itxura denez, dozenaka mila dokumentu, Irakeko okupazioaren anabasa biluzten omen dutenak eta gaurdaino argitaratu ez direnak. Orain, dirudienez, beste nonbaitetik, Afganistango gerraren izaera agerian ipintzen duten ehun eta koska mila dokumentu heldu zaizkio Wikileaks berari.

Bistan da papera soberan dagoela orain ere. Eta gizalege pitin bat geratzen dela nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo