GARA > Idatzia > Ekonomia

Sunsundegik langile bat kaleratu du, nahiz eta aurtengo aparteko orduak 10.000 izan

Janire MENDIETA |

Azken hilabeteetan Sunsundegi enpresan gertatzen ari denaren inguruko txosten bat argitara atera du LAB sindikatuak.

Altsasuko enpresa honen jarduera edukiera handiko garraiobideen karrozeria egitea da, autobusen eta trenen karrozeria hain zuzen. Gainera, Europa eta Asiara esportatzen du.

Joan den uztailaren 16an, enpresa zuzendaritzak langile bat kaleratu zuen, hari txandakako kontratua bukatu ondoren. LABek txostenean agertzen duenez, aste honetan bertan, kaleratutako langileak betetzen zuen postuan aparteko lanorduak egin dira. Nahiz eta kaleratzeak Sunsundegiri lanpostu baten amortizazioa suposatu, dagoeneko aurten egindako aparteko orduak 10.000 dira.

«Egoera larria» dela eta, enpresa batzordeak zuzendaritzarekin berehala bilera egitea eskatu zuen, «gertatutakoaren inguruan azalpenak eskatzeko». Baina Jose Ignacio Murillo zuzendari nagusiak eta «Nafarroako Gobernuaren konfiantzazko gizonak», bilerara joateari uko egin zion «berak hartutako erabakiaren gaineko azalpenak emateko».

Sindikatuak salatu duenez, horrek guztiak, lanpostu horren desagerpenak, aparteko orduen ugaritzeak eta «larritasun handiko» arazo baten aurrean enpresa batzordeari argibiderik ez emateak nabarmen uzten du Nafarroako Gobernua partaide duen Sunsundegi enpresaren jokaera.

Bestalde, azken urtean, enpresak «konfiantzazko bi kudeatzaile berri ipini ditu».

Aparteko lan ordurik ez

Egoera horren aurrean, eta uztailaren 31n kontratua amaitzen zaien behin-behineko langileei ez dietela kontratua berrituko jakinda, langile batzordeak aparteko lan ordu gehiagorik ez duela egingo adierazi du; «gaur egun dugun lana banatzeko asmoz».

Horretaz gain, Sunsundegiko LABeko ordezkaritzak 2010. urteko lehenengo sei hilabeteetan 10.000 aparteko ordu baino gehiago izan direla salatu du. Ordu kopuru hori hamar pertsonaren urteko lan orduen parekoa da. Halaber, txandakako langileen kaleratzea «onartezina» dela esan du.

Hori guztia dela medio, sindikatuak ikusten duen bide bakarra «enpleguaren aldeko eraso» eta «erabateko erantzunak ematea» da, krisiak gehien kaltetu duen eskualdean, alegia, Sakanan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo