GARA > Idatzia > Kultura

Zumaiako Musika Jaialdiak herriko musikariak izango ditu oinarri aurten

M. L. | ZUMAIA

Zumaiako Musika Jaialdiak bere 16. edizioari emango dio hasiera datorren ostiralean. Aurtengo honetan mota askotako musika emanaldiak eskainiko dituzte herrian osoan. Gainera, Zumaiako bertako taldeek parte-hartze handia izango dute hamabost egun horietan. Adibidez, Udaleku Musikalean parte hartu duten haurren kontzertua izango da lehenengo emanaldia, ostiralean, 18.30ean Aita Mari aretoan.

Berrikuntzak ere izango dira aurten. Horien artean, Zumaiako Musika Bandak I. Tertulia Musikalak antolatu ditu ostiralerako, 19.00etatik aurrera, Villa Luz etxean. Bertan «XIX. mendean musika bandek herrigintzan eta musikagintzan zer eginkizun duten aztertuko da», azaldu zuen Ibon Manterola Musika Bandako zuzendariak.

Horrez gain, San Pedro abesbatzak ere emanaldia izango du, abuztuaren 1ean, 22.00etan, parrokian. Eta Landarbaso abesbatza ere arituko da bertan, abuztuaren 6an. Abesbatza hori Txinan egon da duela gutxi koruen arteko Munduko Olinpiadetan parte hartzen eta han eskainitako kontzertu osoa errepikatuko dute Zumaian.

Abuztuaren 5ean emanaldi berezi bat izango da 22.30ean: zinema eta musika elkartuko dira The Silent Band taldearen eskutik «The Battleship Potemkin» film ezaguna oinarri dutela.

Beste aldetik, bereziki gazte eta metal zaleentzako eskaintza izango da abuztuaren 8koa: The Aligators metal taldearen kontzertua.

Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera abuztuaren 11rako txango bat antolatu dute: Done Jakue Bidearen zati bat egingo dute goizean, oinez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo