GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Wikileaks-ek kazetaritzaren urrezko aroa gogora ekarri du, baita «mezularia zigortzeko» joera ere

Adituek Afganistango okupazioari buruz Wikileaks-ek egindako filtrazioa 1971 urtean, Vietnamgo gerraren testuinguruan, «Pentagonoko Paperak» gisa ezagunak egin ziren txostenen filtrazioarekin alderatu dute. Sarri, kazetaritzak gerra garaian hartzen du bere zentzurik sakonena. Gerretan politikagintzaren alderdirik likitsenak muturrera iristen dira eta horien argitaratzea kazetarien helburu bihurtzen da. Lan horrek gobernuen eta presidenteen erorketa ere ekar lezake, kasurik larrienean. «Laugarren boterea» izendapenak testuinguru horretan hartzen du zentzua. Botere horren jakitun, «egiazko» botereek kazetaritza bera hartzen dute jomuga. Holaxe gertatu da auzi honetan, Obamaren ordezkariek begirada salatutako gertaeretan jarri baino nahiago izan dutelako kazetarien lanean jarri, lan hori erasotzeko bada ere. Hartara, gogor mehatxatu dituzte bai Wikileaks bai informazioa eman duten pertsonak, iturriak, alegia. Bradley Manning soldadua izan da kanpaina honen lehendabiziko ehizakia, baina AEBetako mandatariek argi esan dute, aukera izanez gero, kazetarien aurka ere joko dutela. Mezua entzun ez dadin, mezulariari eraso egiten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo