Kronika | Sastarrainen
Naturaz gozatzeko aukera dute umeek Zestoako itsuentzako udalekuetan
Beste edozein umeren gisara, haur itsuek udalekuez gozatzeko aukera dute Zestoako Sastarrain baserri-eskolan. Ikusmenik izan ez arren, euren irriek agerian uzten dute barnean daramaten bizipoza.
Yuri Agirre
Haur itsuen integraziorako ahalegin berezia egin du aurtengo udan Gipuzkoako ONCEk. Ume hauei bizimodu normalizatu bat emateko lan eta lan ari dira. Pasa den ostiralean, udalekuak hasi zituzten Zestoako Sastarrain baserri-eskolan.
Udalekura iritsi eta berehala, baserriko ukuilua ezagutzeko aukera izan zuten Zestoara joandako haurrek.
Ukuiluan Sastarraingo zaldi, aker edota zerriekin lehen hartu-emana izan zuten. Ukuilura bidean, jada entzuten zituzten zaldien irrintziak. Ikusteko gaitasunik ez izan arren, edota agian horregatik, bazirudien beldurtzeko gaitasuna ere galdua zutela batzuek, lurretik belarra hartu eta larrean zebilen zaldiari emateari ekin baitzion segituan umeetako batek.
Behin ukuilu barruan, zaldiei aurpegia igurzten gustura jardun zuten umeek. Animaliek ere gustura jaso zituzten umeen ferekak. Dirudienez gose zen behor gazte batek, ordea, igurtziak itzuli egin zizkion mingainarekin umeari, honek oraindik eskuan zuen belar usainaren ondorioz, ziurrenik.
Ukuilua eta bertako abereak ezagutu ondoren, berriro baserrirantz abiatu ziren umeak, jada bazkalordua baitzen. Bidea kontu-kontari egin zuten, lehenengo egunean ohikoak izaten diren lotsak ahaztuta. Begiak ia itxita izan arren, belarri batetik bestera aurpegia zeharkatuz zabaltzen ziren irribarreek erakusten zuten ume hauen bizipoza.
«Futbolean noiz jolastuko gara?» galdetu zuen ume batek, ikusmen arazoek ez baitzioten baloiari ostikoka ibiltzeko problemarik ematen.
Baserrira iristean, umeek aise antzeman zuten bazkaltzeko menua, sukaldetik zetorren usainak ez zuen eta haurren sudurretan duda izpirik uzten.
Haurrek iragarritako zopak, alabaina, minutu batzuk behar zituen ondo berotzeko, eta ezagutza joko bat egiteko baliatu zuten tarte hori. Larreetan zebiltzan ahuntzen txintxarrien legez, barnean zarata ateratzen zuten bolatxoak zituen baloi batekin jolastu ziren, hori elkarri pasatzea baitzen ezagutza jokoaren oinarria. Baloia hartzen zuenak bere izena eta gustuko zuen ekintza bat esan behar zituen.
Entzumenaren bitartez baloiaren norabidea igar zezaketen, eta banan-banan baloia hartu, izena eta afizioa esan eta baloia beste lagun bati pasatuz joan ziren.
Itsuak izanik ere, beste edozein haurren afizioak zituzten haurrek: Enarari izotz gaineko patinajea gustatzen zitzaion, Anderri futbolean jokatzea, Ibairi bideo-jokoetan ibiltzea... Lau zentzumen izan arren bizitza normala eraman zezaketen seinale.
Ezagutza jokoarekin jarraituz, jokoaren bigarren zatira igaro ziren. Oraingoan, baloia hartzen zuenak ez zituen bere izen eta gustuak esan behar, baloia igorri zionarenak baizik. Guztiek ere azkar ikasi zituzten ezagutu berri zituzten lagunen izenak.
Naturarekin harremanetan
Jokoa amaitzerako, zopak lapikoan berotzen jarraitzen zuen, ordea, eta haurrek kartetan jokatzea erabaki zuten, sabelean sentitzen zituzten tripa-zorriak ahazteko zerbait egin beharra baitzegoen. Braillez idatzitako kartekin, beste edozein ume bezala jolasten ziren.
Ondorengo ordu eta egunetan ere, naturarekin hartu-emanean egoteko egitaraua zuten Sastarrainera joandako haurrek. «Bazkaldu ondoren, adibidez, ogia egiten ikasiko dute», adierazi zuen Gotzon ONCEko begiraleak. «Ekintza guztiak ere ukimena edota entzumenarekin lotura dutenak izan daitezela saiatzen gara», azaldu zuen. «Gauean ipuin kontaketa izango dute eta bihar, eguraldiak laguntzen badigu, hondartzara joango gara», gaineratu zuen.