GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaur San Esteban, jaietako egun handia ospatuko dute Beran

Eztebe doneari omen egiteko eguna izango dute gaur Beran; hala, udalbatzak prozesioa egingo du txistulariz eta dantzariz lagundurik herriko elizaraino. Eguerdian Lizaso eta Egaña bertsolarien txanda izango da, eta arratsalde partean dantza eta musika emaldi gehiago izango dira. Iluntzean eta gauean Laiotz taldea arituko da Altzateko plazan.

p019_f02.jpg

GARA

«Gora Bera! Gora San Esteban jaiak!». Donato Larretxeak txupinazoa botatzearekin batera, hasi dira Berako jaiak. Kaleak kolorez eta jai giroz blai, larunbatera arte festetan jo eta su ibiliko dira bizilagunak. Suziriaren danbatekoak eta ezkila hotsak saltoka jarri zituzten beratarrak atzo eguerdiko txupinazoan, eta segidan, Izadi fanfarrearen musikaren erritmoan dantzan ari ziren bizilagunak.

Hasieraren ondotik, gaurkoa da jaiei izena ematen dien herriko zaindariaren eguna, San Esteban eguna. Udaletxetik elizarako osteratxoaren eguna izango da gaurkoa, herriko agintariek zaindariari omen egitekoa. Goizean, hain justu ere, 10.30 inguruan, herriko zinegotziek udaletxetik San Esteban elizarainoko bidea egingo dute txistulariz eta makil dantzariz lagunduta. Hori bai, Berako bandera aurrean dutela, Eztebe donearen ohoretan meza izango da.

Elizako ekitaldiaren ondoren, San Esteban egunez Beran dagoeneko tradiziozko diren dantzak dantzatuko dituzte. Txistularien laguntzaz, Gure Txokoa dantza taldeko kideak arduratuko dira Berako makil dantza eta pordondantza dantzatzeaz.

Hankak astindu ondoren, eztarriak astintzeko unea izango da; bai behintzat Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarientzat. Biek ala biek ere, ongi ezagutzen dute dagoeneko Berako Herriko Etxeko plaza, ohiko baitira urteroko jaietan bertako giroa alaitzen. Ezpelur gaitariak inguruan izango dituzte; giroak etenik izan gabe erreleboa hartzeko.

Arratsaldean ere, jarraituko dute dantza eta musika emanaldiek. Gure Txokoa taldeko dantzariek oraingoan Berako aurreskua dantzatuko dute Herriko Etxeko plazan. Iluntze partean, berriz, Laiotz taldeak Altzateko plazan emanaldia eskainiko du eta gauerditik aurrera ere beraiek jarriko dute dantzarako musika.

Jai parte-hartzaileak helburu

Egitarau ofizialaz gain, ordea, Bera Kaxerna gaztetxekoek ekitaldi ugari antolatu dituzte, Gaztextebanak izenburupean. Gazte Asanbladako kide Jon Mikel Matxiarenak GARAri azaldutakoaren arabera, hasierako helburua Udalak antolatzen zituen ekitaldiez gain «herritarrei bestelako ekitaldiak eskaintzea zen». Festa herrikoi eta parte-hartzaileak, parekideak eta euskaldunak dira Gaztextebanak eta urtez urte gero eta «hobeak» direla diote antolatzaileek.

Dena dela, egun Udalaren ekitaldiekin bat egiten dute Gaztextebanek, bien artean egitarau betea osatuz. Gaztetxekoek antolatutako ekitaldi garrantzitsuenetako bat, Matxiarenarentzat behintzat, biharko egunez egingo duten Gaztetxe Bazkaria izango da; bertan 150 edo 200 lagun inguru biltzea espero dute.

Hala ere, hamaika dira prestatu dituzte ekintzak. Tartean, bihar bertan gauez kontzertuak izango dira txosnetan; besteak beste, Berako Amets Ilunak taldea, Elizondoko Sutan eta Irungo Bad Sound System.

jai herrikoiak

Udalaren egitarauarekin batera, Berako gazteek herritarren parte hartzea helburu duten ekitaldiak prestatu dituzte. Gaztextebanak ekitaldiz beterik datoz aurten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo