GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Azpeitiko jaialdia

Txalo zaparrada batean amaitu zen lehia bikaina

20-18 kontrako emaitzari buelta eman zion bikote urdinak partidaren amaieran, Oinatzen lau tantori esker.

p039_f01_148x092.jpg

TITIN III-BEGINO 20

OINATZ-BARRIOLA 22

GARA | AZPEITIA

Titin III.a-Begino eta Bengoetxea VI.a-Barriola bikoteek, 74 minututan zehar erakutsitako joko bikainari esker, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan bildutako jarraitzaile guztiak aho zabalik utzi zituzten. Eta hori partidaren amaieran nabarmendu ahal izan zen, harmailetako zale guztiek txalo zaparrada batekin lau pilotariak agurtu zituztenean.

Neurketako garaileak Bengoetxea VI.a eta Barriola izan ziren, baina bikote batak zein besteak irabaz zezakeen erritmo bizian jokatutako lehia. Hasiera, ordea, ez zen oso ona izan Oinatzentzat, bi pilota galdu baitzituen nafarrak. Kontzentrazio falta hori Titinek aprobetxatu zuen zenbait tanto eder egin eta 6-1eko emaitza ipintzeko.

Kontrako markagailua izanda ere, urdinek ez zuten burua makurtu eta, defentsa eta esfortzu handiari esker, partida hamaikana berdintzea lortu zuten.

Edertasuna amaiera arte

Neurketako bigarren zatian alde batera eta besterako tantoak egon ziren. Begino, atzelaria izateaz gain, aurrelari moduan ere aritu zen 17-17koan. Autzakoak dejada ikaragarria bota zuen zabalera seigarren koadrotik, aurkariak harrituta utziz. Gainera, Titinen tanto bat eta Barriolaren hutsune bati esker gorriak 20-18 aurreratu ziren.

Hori dela-eta, urdinek amorru biziz jokatu zuten neurketaren amaieran. Bengoetxeak lau tanto egin zituen jarraian, azkenekoa ezker gantxoz, garaipena lortuz eta txaloak sorraraziz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo