Konstituzioa aldatzeko erreferendum «historikoa» izango dute bihar Kenyan
Erreformaren aurkakoek ekainean jasandako atentatu baten ondorioz, aldekoen eta aurkakoen arteko tentsioa areagotu egin da. Bihar argituko da, azkenean, konstituzioaren aldaketa -Kibaki presidenteak eta Odinga ministroak babestutako ekimena- onartua den ala ez.
François AUSSEILL (AFP)
Kenyarrek asteazken honetan bozkatuko dute konstituzio berria onartu edo errefusatzeko erreferenduma. Testu honek presidentearen boterea mugatzen du, eta bidegabekeria historikoak ezabatzea du helburu, besteak beste.
Gaur egungo konstituzioren erreforma 2007an onartutako Mwai Kibaki presidentea berraukeratzean sortutako krisi politikoaren -1.500 hildako eragin zituen- emaitza da.
Konstituzioaren erreforma dela-eta abiatutako kanpaina politikoaren barruan, ekainaren 13an Nairobiko parke batean egiten ari ziren erreformaren aurkako mitin batean izandako atentatuak sei hildako eragin zituen.
Kibaki presidenteak eta haren aurkari Raila Odingak koalizio gobernua osatzeko asmoz 2008ko otsailean sinatutako akordioan, besteak beste, konstituzio erreforma onartzen zuten.
Momentu historikoa
«Asteazkeneko erreferenduma momentu historiko bat izango da, bai gure herriarentzat, bai bertako biztanleentzat». Horrela mintzatu zen Kibaki, onartua izanez gero aldaketa nabarmenak ekarriko dituen testuaz.
Izan ere, testu berriak lehen ministroaren kargua ezabatuko luke -2008ko akordioaren bidez sortua-, eta presidentetza erregimenari eusten badio ere, presidentearen ahalmenari mugak jartzen dizkio.
Konstituzio berriaren erreformak senatuaren sorrera proposatzen du, parlamentuko goi-ganbera baten eginkizuna bete dezan.
Bestalde, zenbait eskualde eta barrutiri aurretik galdutako zenbait ahalmen itzuliko lizkiekete, testu berriaren arabera.
Aldaketa nabarmenak
Aldaketa guztietan garrantzitsuenetakoa, nekazaritzaren arloko aldaketa da, berebiziko ondorioak izango lituzke-eta. Lege honek lur publikoak eskuratzeko modalitateak sakonetik aztertzen ditu, kontuan hartuta Estatuko goi karguek horietako asko bereganatu egin zituztela.
Ildo horretatik, jabetza pribatuaren gaineko neurriak jartzen ditu konstituzio berriak, eta horretarako, horien gehienezko azalera mugatu egiten du. Emakumeek jabetza pribatuen gainean dituzten eskubideen inguruan ere badihardu lege berriak, eta hori horrela izanda, emakumeei eskubide berdinak ematen dizkie testu berriak lurren jabetzari dagokionez, batez ere oinordetza kasuetan.
Konstituzio berriaren beste alderdi adierazgarri bat da kadhi-ak mantentzearen aurkako ekimena; erreformaren aurka daudenek defendatzen dituzte horiek, musulmanen arteko auzi familiarrak konpontzeko islamiar auzitegiak.
Gorriak eta berdeak
Konstituzioaren erreformaren alde egiten dutenak berdez jantzita agertu dira azken egun hauetan hauteskunde mitinetan; aurka daudenak, berriz, gorriz.
Bi talde horien arteko desadostasuna gero eta nabariagoa egin da, eta hein horretan, kanpaina politikoaren barruan biolentzia zikloak sortu izan dira.
Konstituzioak abortatzeko debekua bere horretan uzten duen arren, ama arriskuan jartzen duten haurdunaldiak eteteko aukera bermatzen du erreformak. «Gorriek» -batez ere eliza tradizionala eta ebanjelista dituztelarik gidari-, berme hori abortua legezko bihurtzeko pauso bat besterik ez dela salatu dute.
Nolanahi ere, inkestek adierazitakoaren arabera, asteazkenean izango den erreforman baietza gailenduko da.
2005ean Kibakik hauteskunde porrot nabarmena jasan zuen, herrialdean egindako lehen erreferendumean -helburua, Arap Moiek 24 urte luzez agintean izan zuen erregimenari behingoz amaiera ematea-.
Erreformaren aurkakoek irabazi zuten lehen erreferendum hori botoen %57rekin. Egungo lehen ministro Odinga erreforma horren aurka agertu zen.
Honako honetan, ordea, Kibaki presidenteak eta Odingak bat egin dute, eta biek defendatzen dute konstituzioaren aldaketa.
Kenyan egun indarrean dagoen konstituzioa 1963an izan zen ezarria, Britainia Handiarekiko independentzia lortu ondoren.
Aldaketa garrantzitsuenen artean, nekazaritzaren arloko neurriak daude, izan ere, lur publikoaz jabetzeko prozeduren gaineko azterketa sakona egiten du.