Greziari erreformak azkartu beharra ohartarazi diote EB, EBZ eta NDF erakundeek
Europar Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak Greziako Gobernuari erreformak azkartzeko eskatu diote, irailean 9.000 milioiko diru laguntza jaso ahal izateko.GARA | ATENAS
Europar Batasunak (EB), Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Greziako Gobernuari erreformak azkartzeko eskatu zioten atzo. Hori izango du Greziak bete beharreko baldintza, irailean agindu zioten diru laguntzaren bigarren zatia jasotzeko. Bigarren zati horretan, aipatutako erakundeek 9.000 milioi euro emango dute, Greziako prentsa ekonomikoak adierazi duenez.
Joan den astean erakunde horien ordezkariak Grezian izan ziren, defizita gutxitzeko asmoz Gobernua ezartzen ari den plana aztertzeko.
Bisita horren ondoren, erakunde horiek atzo aurkeztu zizkioten ateratako ondorio nagusiak Yorgos Papanconstantinu Ogasun ministro greziarrari. Eta horien artean, erreformak azkartzeko eskaera nabarmendu zuten. Egunkari greziarrek aipatzen dituzten iturrien arabera, gastu publikoan aurrezteko hiru urteko programa aurrera doala eta Gobernua aldaketak bultzatzen ari dela aitortzen du egindako ikerketak.
Hala ere, ahalegin handiagoa eskatzen diote Greziari diru laguntzak jaso ahal izateko. Egindako gomendioen artean, lanbide «itxi» batzuk liberalizatzeko eskatzen dute, inflazioa gutxitzeko. Horien artean daude abokatuak, taxi gidariak, garraiolariak, arkitektoak, ingeniariak, notarioak eta botikariak.
Garraio greba bukatu da
Hain zuzen, horrelako neurrien aurka egin zuten greba garraiolariek. Igandean bukatu zen zazpi aste iraun eta turismo garaiaren gorenean Grezia gasolina gabe utzi duen protesta. Azkenean garraiolariek bertan behera utzi zuten greba, Gobernuak zigorrak kentzeko eta liberalizazio neurriak negoziatzeko agindu zien eta.
Bestalde, Europar Batasuneko eta NDFko adituen aholkuen artean, energia merkatua irekitzea eta DEH Estatuko elektrizitate enpresa esku pribatuetan uztea daude.
Halaber, zergak gehiago garestitzea nahi dute, horren bitartez datorren urtean Gobernuak 4.600 milioi euro gehiago lortzeko. Aurten BEZa lau puntu igo da, %19tik %23ra, eta tabakoa, alkohola eta erregaien zergak ere handitu egin ditu Gobernuak.
Greziako Gobernuaren asmoa defizita hiru urtetan BPGren %13,6tik %3ra murriztea da. Gaur egun Europar Batasunaren begiradapean dago, defizit publiko hori eta dagoeneko 310.000 milioira iritsi den zor publikoa gutxitzeko.
Europak agindutako laguntza 110.000 milioikoa izango da hiru urte horietan, baina horren truke, murrizketa gogorrak egitera behartu zuen Grezia. Besteak beste, funtzionarioen soldatak murriztera.
Dagoeneko 20.000 milioiko laguntza jaso du Atenasek, baina neurri horiek gizartean haserrea hedatu dute.
Greziako Gobernuari hainbat lanbide «itxiak» liberalizatzeko eskatu diote. Halaber, elektrizitate arlo publikoa enpresa pribatuei saltzeko eta zergak are gehiago igotzeko baldintza jarri diote laguntzaren truke.