GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Sébastien Irazoqui Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

Festetan eta festen ondoren ere, euskaraz

Herriko etxe guztietan «Euskararen Deliberoak» eta normalizaziorako planak onartu eta garatu behar dira. Behar- beharrezko erabakiak dira euskara berezkoa eta ofiziala izendatzeko, eta gainera, herritarrei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta ahalbideratzeko ezinbesteko neurriak dira horiek

Beste behin Baionako bestetan gertatzen denak erakutsi digu Jean Grenet Baionako auzapez analfabetoak euskararekiko duen mespretxua: bestetako webgune eta afixaren bitartez, Yolanda Barcina Iruñeko udalburua eta Euskal Herriko euskararen beste etsairik handiena Baionara gomitatuz!

Beste behin, afixan ikusi ahal izan dugun bezala, atzeko planoan, txikiturik agertzen den hizkuntza da euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak dira.

Ondare aitortza baino, euskarak estatus ofiziala behar du.

Hala nola menpekotik lehentasunezkora, hizkuntza politika burujabea, guk geurea, euskara Euskal Herritik eta Euskal Herriari begirakoa, Euskal Herri osorako Kontseiluak proposatzen duen hizkuntza politika eragingarriaren tresna baliatuz.

Auzapez eta bestelako agintariek honen gainean duten erantzukizuna argi utzi nahi dut, herriko etxeetan duten jarduna euskararen normalizazioaren eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzearen bidean jorratu behar dutelako.

Bai, herriko etxeetan dugu alternatiba, herrietako administrazioak dira herritarrengandik hurbilenekoak, eta beraz, euskararen alde konplexurik gabe ari daitezkeenak.

Herriko etxe guztietan Euskararen Deliberoak eta normalizaziorako planak onartu eta garatu behar dira. Behar-beharrezko erabakiak dira euskara berezkoa eta ofiziala izendatzeko, eta gainera, herritarrei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta ahalbidetzeko ezinbesteko neurriak dira.

Baina horien mespretxuaren aitzinean, herritarron eskuetan da gure hizkuntzaren etorkizuna, eta besten hasieran bertsolari gazteak bezala «merci beaucoup» erran ordez, «milesker ainitz» erratera gomitatu nahi dut jendartea. Eta urrunago ere joan nahi dut, lehen hitzetik eta konplexurik gabe euskaraz egitera, euskararen alde egotetik, urrats bat harantzago eman, eta euskararen alde egitera pasatzea. Euskaraz bizitzeko egin beharreko hautua da, autodeterminazio ariketa gisa, eraso horien guztien artean ikusten dudan bide bakarra.

Ez dela erraza izango aitortzen ahal dut baina urratsez urrats, euskal hiztunok euskarari lehentasuna emanez euskaraz biziko den herria eraikiko dugu.

Horretarako bestak aukera ona dira, eta Euskal Herriko bestazale guztiei, ostatu zein taberna guztietan, eta jaien ondoren ere bai, euskaraz aritzeko gomita luzatu nahi dizuet.

Jendartea euskaraz bizi dadin nahitaezkoa izango da norbanakoongandik hasita euskarari esparru eta maila sozial, juridiko eta administratibo guztietan lehentasuna ematea. Gutariko bakoitzak zein euskal komunitateek euskarari lehentasuna emanez, euskaraz biziz, herri euskalduna indartzeko urratsak emateaz gain, aldaketak bultzatuko dituelako, euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo