Ildo judiziala estatu-estrategiaren menpe
Madrileko Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Batasuneko, EHAK-ko eta EAE-ANVko 43 kiderentzat hamarna urteko espetxe zigorra eskatuko duela jakinarazi zuen atzo. Nola ez, ETAko kide izatea leporatzen die, «dena da ETA» doktrinari jarraituz. Fiskaltzaren idatziaz komunikabideetara heldu dena irakurrita, halako testuetan ohikoa den literatura azaltzen da: «fagozitatu», «sare», «ingurunea»... Espainiar komunikabideetan ondo geratzen den literatura, zalantzarik gabe, baina euskal herritar gehienentzat fikzio hutsa besterik ez dena. Estatu mailan propagandak betetzen duen funtzioa albo batera utzita, Euskal Herrian duen efektua erabat aurkakoa da. Besteak beste, Estatu espainolean euskal independentismoaren aurka dagoen ildo juridikoa Gobernuaren estrategia politikoaren menpe dagoela argi erakusten duelako. Eta ezker abertzalearekin bat ez etorri arren, bere kideak eta horien jokabide militantea ondo ezagutzen duten herritarrentzat, akusazioak lotsagarriak direlako. Gainera, oraingoan lekuko gisa Arnaldo Otegi, Joseba Alvarez, Karmelo Landa eta Jose Luis Elkoro deituko dituela esan du Fiskaltzak. Herritar batasunaren kide horien guztien gaur egungo egoera ez ezik, azken hamarkadako ibilbide politikoa kontuan hartuz, beren lekukotza edozein literatura baino interesgarriagoa izango dela argi dago.