GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Beste behin ere, bortxaketa kasu bat Baionako festetan; ez pentsa, ordea, eraso isolatua denik

Tamalez azkeneko urteotan ohiko berria bihurtu da, eta, aurten ere, Baionako festak igaro ondoren jakin dugu bortxaketa bat izan zela bertan. Atzo, Bortizkeria Sexistaren Aurkako Kolektibo Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, iragan den asteburuan gertatutako eraso hori salatzeko. Esan bezala, halako gertakariak ohikoak bihurtu dira azken urteetan testuinguru honetan. Testuingurua, ordea, ez da soilik Baiona eta bertako festak, baizik eta festak orokorrean. Sanferminetatik hasi eta edozein herrixkako jaietaraino. Erasoaren «larritasuna» alda daiteke kasutik kasura, tokitik tokira, baina onartezinak diren jokabideak justifikatzeko festa giroa erabiltzea da, honelakoetan, azpian dagoen arazoa. Konponbide errazik ez dago, jakina: autodefentsa, salaketa, heziketa, onartezina dena sekula, inon, inori ez onartzea... Agintariek segurtasuna aipatzen dute honelakoetan, baina beren segurtasun kontzeptua askatasunaren aurkaria izaten da beti. Eta honetan arazoa zera da, askatasun falta batez ari garela hain zuzen ere, emakumeek askatasunez jokatzeko eta dibertitzeko duten askatasun falta. Hori da lortu beharreko xedea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo