Mendebaldea gorrituko duen Gazte Martxa gaur hasiko da Santurtzin
Uztailean Arratiatik Igorrera, Txorierritik Busturialdera, Azpeititik Zaldibiara edota Ozetatik Agurainera egin bezala, gaur hasiko da Santurtzin Bizkaiko Meatzaldea, Ezkerraldea eta Enkarterri zeharkatuko dituen Gazte Martxa. Euskal Herriak behar duena «bandera gorria» dela eta etorkizunak independentzia behar duela aldarrikatuko dute. Larunbatean emango diote amaiera martxari Sodupen, bertako herriko jaietako ekitaldiekin bat eginez.
GARA
Udaren etorrerarekin batera Euskal Herriko beste hainbat txokotan egin bezala, gazte independentistek abian jarri duten Udako Gazte Martxa ekimena mendebaldera iritsiko da abuztuaren hasieran. Zehazki, gaurtik larunbatera uholde gorriak Bizkaiko Meatzaldea zeharkatuko du, Ezkerraldeko eta Enkarterriko inguruetatik igaroz eta egun horietan, amesten duten Euskal Herria irudikatuko dute gazteek.
Atzo egin zuten ekimenaren nondik norakoak agertzeko ekitaldia Sodupen, Ezkerraldeko eta Enkarterriko hainbat gaztek: «Bandera gorria astinduko duen mendebaldeko haize gaztea gara gu!», zioten.
Herriz herri ibiliko den ekimen honen bidez txoko guztiak gorriz margotuko dituztela azaldu zuten independentistek. Euskal Herri librea nolakoa izango den irudikatuko dute, «independentziara eta sozialismora loturiko Euskal Herria». «Gure belaunaldiko gazteok, borrokan dihardugu herri bezala dagozkigun eskubideen alde, patriarkatua borrokatuz edota euskara gure hizkuntza bakarra dela oihukatuz», zioten. Sestaoko industrietan, Zugaztietako meatzeetan edo Enkarterriko mendietan Euskal Herriak behar duena ozen oihukatuko dutela berretsi zuten: «Gazteok behar duguna gure bandera gorria da, eta etorkizunak behar duena, independentzia!».
Gaur goizean, beraz, 11.30 inguruan egingo dute Santurtzin martxaren hasierako ekitaldia eta eguerdian, bazkalaurretik, feminismoaren gaineko hitzaldia izango dute Portugaleten. Arratsaldean, berriz, Ezkerraldeko gazte mugimenduaren bilakaera aztertuko dute eta egunari hainbat musikariren emanaldiekin emango diote amaiera Barakaldoko Oleta gaztetxean.
Bigarren egunean, bihar, Trapagaranera iritsiko da Gazte Martxa, eta bertan supersur, koke planta, AHT eta gisako proiektuen gainean eztabaidatuko dute. Arratsaldean Zugaztietarainoko bidea egin eta bertan Meatzaldeko langile mugimendua ezagutuko dute. Bezperako moduan, iluntzean afaldu eta musikaz girotuta amaituko dute eguna.
Azken egunean, berriz, Soduperainoko bidea egingo dute mendiz, eta bertan izango da amaiera ekitaldia. Herriko jaiekin bat eginez, presoen aldeko herri bazkarian eta arratsaldeko baltsa jaitsieran parte hartuko dute. Gauean, Sexty Sexers eta Haitzama taldeak arituko dira txosnetan.
Era berean, martxaren berri eman eta gazteak bertara animatzeko bereziki prestatu berri duten abestia ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian. «Mendebaldeko haize gaztea» izeneko kantua Odolaz Blai, JAN, No Komply, Siroka eta 121 Krew taldeetako kideek egin dute eta sarean zabalduko dute.
Goizean Santurtzin hasiera ekitaldia egin ondoren, gaur Portugalete, Sestao eta Barakaldoraino iritsiko da Gazte Martxa ekimena.
Euskal Herriko hainbat herritatik pasa da dagoeneko Udako Gazte Martxa. Bizkaiko mendebaldekoarekin batera, ostiralean hasi eta igandera bitarte Nafarroako Sakanan ere egingo dute martxa.