GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nomadek helegitea jarri dute, Angeluko estadioa ez uzteko

GARA

Joan den igandean 280 karabanek Angeluko La Girouette estadioa okupatu zuten. Hiriko auzapez Jean Espilondok tokia uzteko agindu ofiziala eman zien eta suprefetak berretsi egin zuen. Horren arabera, atzo arratsaldeko seiak aitzin tokia utzi behar zuen «bidaia jendeak», baina horren ordez, auzitegi administratiboan errekurtsoa aurkeztu zuten atzo goizean. Epaiketa ostiralean izango da.

Angelun hilabetean bigarren aldiz izan da okupatua estadio bat. Euskal Kosta-Aturri elkargoak (lehengo CABAB) baduenez karabanek geldialdia egiteko esparru berezi bat, halako okupazioak legez kanpokoak direla salatu du Herriko Etxeak. Hori dela-eta, kanporatzeko abisu ofizialaz gain, salaketa penala ere ezarri du.

Nomaden abokatuak errekurtsoan argudiatu duenez, ordea, Euskal Kosta-Aturri elkargoak udara begira ireki duen esparrua ez da behar besteko handia. Izan ere, beteta zegoen eta 280 karabanek ez zuten legalki inon aparkatzeko tokirik.

Ildo horretatik, nomaden ordezkariek adierazi dute beren beharrak pagatuz gure artean gelditzeko toki bat besterik ez dutela eskatzen. Beren eskubideen alde manifestazioa egiteko prest direla ere jakinarazi dute.

La Girouetten egitekoak ziren entrenamendu saio guztiak bertan behera geratu dira. Azken egunotako euriarekin karabanek belarretan eragin dezaketen kaltearengatik ere kezka agertu du Herriko Etxeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo