Diego Lunaren estreinako filmak abiaraziko du Horizontes Latinos saila
Gael Garcia Bernalek ekoiztu eta Diego Lunak zuzendutako «Abel» filmak irekiko du aurten Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saila. Atal berean, Latinoamerikako hainbat herrialdetan filmatutako hamaika lan luze izango dira 35.000 euroko saria irabazteko lehian. Zinemaldiko sail honek, Hego Amerikan azken urtean egin den zinema aztertzen du eta sorkuntza guztiak -osorik edo gutxienez zati bat- jatorrizko herrialdeetan ekoitzitakoak dira.
GARA | DONOSTIA
Latinoamerikako hamaika film lehiatuko dira Zinemaldiaren 58. edizioan, 35.000 euroko Horizontes saria eskuratzeko. Sail honek Hego Amerikan urtean zehar egin diren film interesgarri eta berritzaileenak aztertzen ditu. Horietatik hainbatek, urtean zehar beste jaialdi batzuetan lortutako sarien bermea dute eta, beste batzuek, beren ibilbideari hasiera emateko baliatzen dute Donostiako Zinemaldia. Guztiak, osorik edo zati bat behinik behin, Latinoamerikan ekoitzitakoak dira, bertako zinemagileek egindakoak edo testuinguru edo gai gisa munduko latinoamerikar komunitateak dituztenak.
Aurtengo edizioan, Mexiko, Argentina, Txile, Costa Rica, Uruguai eta Perun sortutako lanak aukeratu ditu Zinemaldiko epaimahaiak. Horietako batzuek, gainera, Estatu espainoleko, frantseseko eta Alemaniako herrialdeen pardaidetza izan dute produkzioan.
Aurtengoan, Diego Lunaren opera prima, «Abel», izango da saila inauguratuko duen filma, Gael Garcia Bernal aktoreak ekoitzi duena. «Abel» Sundanceko zinema jaialdian estreinatu zen, hain zuzen ere, nazioarteko lanen lehen emanaldiak biltzen dituen International Premieres sailean. Horrez gain, Canneseko jaialdiko Sail Ofizialeko saio berezi batean ere ikusarazi zuten.
Gainontzekoak
Sail berean ikusi ahal izango diren filmetako batzuk, esaterako, «Norberto apenas tarde» (Daniel Hendler), «A tiro de piedra» (Sebastian Hiriar), «Rompecabezas» (Natalia Smirnoff) eta «Agua fria de mar» (Paz Fabrega), Zinema Eraikitzen egitasmoaren emaitza dira. Donostiako eta Tolosako (Estatu frantsesa) zinema jaialdiek elkarlanean abian jarritako programaren helburua behin filmatu ostean postprodukzioak aurrera egiteko zailtasunak dituzten Latinoamerikako fikziozko film luzeak laguntzea da. Hala, aukeraketa baten ostean, filmak amaitzeko laguntza ematen zaie lan horien arduradunei. Zinema Eraikitzen egitasmoaren ondotik aurrera egiteko aukera izan duten lanetako batzuek, aurten Horizontes Latinos sailean ikusi ahal izango direnek, nazioarteko jaialdi entzutetsuenetan parte hartu dute; «Agua fria de mar» filmak Rotterdameko jaialdiko VPRO Tiger Award saria jaso zuen; «Norberto apenas tarde» Locarnoko jaialdiko Egungo Zinemagileak sailean aurkeztuko da eta «Rompecabezas» film luzea Berlinen, Buenos Aireseko BAFICI jaialdian eta Guadalajarako zinemaldian izan da.
Nazioarteko jaialdietan izan diren beste hainbat film ikusi ahal izango dira Horizontes Latinos sailean. Esaterako, «Portu culpa» (Berlinale-Panorama Specials), «La mirada invisible» (Cannes-Errealizadoreen Hamabostaldia), «Lo que más quiero» (BAFICI), «Octubre» (Cannes-Un Certain Regard), «Nostalgia de la luz» (Cannes-Sail Ofizialeko saio berezia) eta Venezian lehiatuko den «Post Mortem».
Horizontes Latinosen izango diren zuzendarietako batzuk Zinemaldiko aspaldiko ezagunak dira. Anahi Bernerik 2007ko Sail Ofizialean parte hartu zuen «Encarnacion» filmarekin eta Patricio Guzmanek «Salvador Allende» lana aurkeztu zuen 2004an Zabaltegi-Bitxiak sailean.
Mexikon, Argentinan, Txilen, Costa Rican, Uruguain eta Perun sortutako hamaika film lehiatuko dira Horizontes saria eskuratzeko. Horietako asko nazioarteko jaialdietan izan dira aurten.