GARA > Idatzia > Kultura

Urdazubiko Burdinaren Egunean burdin mineralaren salerosketa berreskuratuko dute

p041_f01_97x88.jpg

Maddalen LARRINAGA | URDAX-URDAZUBI

Euskal Herriaren historian burdinak izan duen garrantzia dela-eta, Burdin Eguna ospatzen dute Urdazubin. Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten Urdazubiko monastegian, hirugarrena hain zuzen. Datorren larunbatean izango da hitzordua, goizeko hamarretatik aurrera.

Artisautza Azokarekin emango zaio hasiera. Geroxeago, 12.00ak aldera, garai bateko burdin salerosketa antzeztuko dute. Hirugarren urtez, minerala nola salerosten zuten ikusi ahal izango da Urdazubin. Hala, 12.00etan, burdin mineralez zamatutako idiak iritsiko dira Urdazubiko monastegi ingurura eta, 12.30 aldera, Monastegiko monjeekin elkartuko dira trukea egiteko; burdinaren truke urrezko txanponak ematen zituzten monjeek.

13.00ean hitzaldia egingo du Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpas Mauleonek eta, 14.00etan, bertaratutakoek zikiroa janez beteko dute sabela herri bazkarian.

Egunari amaiera emateko, Golden Apple Quartet taldearen ikuskizuna izango da arratsaldeko lauretan eta sarrera doakoa izango da.

Urdazubiko Burdinaren Eguna Itsas-Begia Euskal Herriko Itsas Ondarea Zaintzeko Elkarteak bultzatzen duen ekimena da. Joan den urtean, adibidez, Bilbotik «Brokoa» txalupa handia eraman zuten, portuz portu, Donibane Lohizuneraino; bertatik, Azkaineraino eraman zuten errekan gora, eta azkenik Urdazubira iritsi zen.

Ekintza hori bi urtetik behin egitea erabaki zutenez, aurtengo edizioan ez da halako erakustaldirik eskainiko, baina, hala eta guztiz ere, burdin minerala beste bide batetik iritsiko da; idiak izango dira aurten burdina herrira eramango dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo