Trontza Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa
Barberena anaiek aurkeztu dute beren hautagaitza
Nafarrak dira aurtengo finala irabazteko faborito nagusiak. Kanporaketan ere nagusi izan dira, bigarren sailkatuei 15 segundoko tartea kenduta.
Jon LEUNDA
Barberena anaiak, Rezabal-Roteta, Lasaga-Galarregi, Pikabea-Morrondo, Iraola-Garmendia, eta Velez de Mendizabal-Lopez izango dira oraindik data finkatu gabe dagoen Euskal Herriko maila nagusiko finalean. Atzo lortu zuten horretarako txartela Elgetako kanporaketan.
Hasiera batean, bederatzi trontzalari ziren lehian aritzekoak, baina bik huts egin zuten, arazo batzuk medio, eta azkenean zazpi izan ziren. Beraz, horietatik bikote bakarra geratu zen kanpoan. Horiek Bigarren Mailako finala jokatu ahal izango dute.
Esnaola anaien faltan, Barberena anaiak dira aurtengo txapelketa irabazteko faborito nagusiak, eta kanporaketa saiotik erakutsi nahi izan dute beren nagusitasuna garaipena erdietsita.
Rezabal-Roteta bikotea izan zen bigarren sailkatua. Horiek Gipuzkoako finalean emandako itxura berretsi zuten, oso lan ona egin baitzuten, hirugarren sailkatu ziren Lasaga-Galarregik egin zuten bezalaxe. Badirudi azken bikote hauek izan daitezkeela Barberena anaien aurkari nagusiak. Bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eta bost zutik eman behar izan zizkion.
Atzoko kanporaketan hiru herrialdetako bikoteak neurtu ziren, eta hirurek izango dute ordezkaritza azken saioan ere. Nafarroak hiru sailkatu zituen, Gipuzkoak bi eta Arabak bat. Kanpoan geratu zen bikoa ere nafarra zen. Kanporaketan, berriz, ez zen izan ez Zuberoako, ez Nafarroa Behereko ez Lapurdiko, ez eta Bizkaiko ordezkaririk.
Sega
Era tradizionaleko segalarien denboraldia inoiz baino laburragoa izango da aurten, baina zaleek badute beste ikuskizun eder bat, izan ere, abuztuaren 28an, Hernanin, Jauregiko belardietan, Euskal Herriaren eta Alemaniaren arteko desafioa izango da. Luzaz prestutako dema jokatuko da azkenean, eta horretan zerikusi handia izan du Almintza elkarteak. Bikote irabazleak 6.000 euro eramango ditu etxera eta galtzaileak, berriz, 3.000 euro.
Bixente Mitxelena eta Jexuxmari Goenaga izango dira euskaldunen ordezkariak, eta Alexandre Schumit eta Stefan Heinz izango dira alemaniarrenak. Ordubeteko lana egin beharko du talde bakoitzak. Talde bakoitzeko segalari bana hasiko da lanean, eta ordu erdiz jarraian aritu ostean ordezkatuko dute besteek.