GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Gasteiz

Arabako aizkolariek beren maila erakusteko aukera izango dute

J.L.

Gaur hasi eta astelehenera bitarte herri kirol jaialdiak izango dira egunero Gasteizen, Foruen plazan, 12.30etik aurrera. Egunik gehienetan aizkorak izango du protagonismo nagusia.

Gaur izango da lehen eguna, eta Aizkora Torneoko lehen finalerdia jokatuko da. Nazabal eta Jauregi Lopezen eta Rodriguez I.aren aurka neurtuko dira. Ingude-altxatzen, berriz, emakumezkoen eta gizonezkoen finalak jokatuko dira. Nesketan, Hernandez, Ferran eta Golova neurtuko dira, eta mutiletan, berriz, Lauzirika, Larrazabal eta Lopez.

Bihar, Aizkora Torneoko bigarren finalerdia jokatuko da, eta bertan Larretxea eta Llanos Zubiagaren eta Atutxaren aurka neurtuko dira. Erakustaldi batekin beteko da jaialdia.

Larunbatean, Aizkora Torneoko finala jokatuko dute aurreko bi egunetan irabazle ateratako bi bikoek. Aurreko egunetako lan bera egin beharko dute. Aizkolariek proba ezberdinak egin beharko dituzte, abiadura eta iraupen lanak uztartuz. Horrez gain, Arabako Lasto-altxatze Txapelketako finala ere jokatuko da. Lauzirika, Velez de Mendizabal eta Lopez lehiatuko dira.

Igandean, Arabako aizkolarien finala jokatuko da. Azkeneko urte hauetan Gasteizen egin ohi da, eta aurten ere horrelaxe izango da. Jauregi, Zubiaga, Llanos eta Rodriguez I.a lehiatuko dira. Bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko du. Astelehenean ere izango da jaialdia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo