GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ondarroako herritarren erantzunak Gestoraren dekretua indargabetu du

Ondarroako Gestorak txosnei hainbat baldintza ezartzen zizkien dekretua onartu arren, Gestorako buruak dekretuaren ondorioz ez duela txosnarik itxiko esan die Jai Batzordeko kideei. Iritzi aldaketan herritarren erantzuna «erabakigarria» izan dela uste du Jai Batzordeak.

p014_f01.jpg

Yuri AGIRRE

Ondarroako Jai Batzordeak «Andre Mari jaiak antolatzen aurrera egitea» erabaki duela azaldu zuen prentsaurrekoan. Hala ere, edozein momentutan «jaiak zapuzten ahalegindu» daitezkeela eta, «Felix bete zure berbi, laga andramaixak bakin» kanpainarekin jarraituko dutela iragarri zuten.

Jai Batzordekoen iritziz, «Udal Gestoraren autoritarismo eta axolagabekeriaren aurrean herriak eman duen erantzuna izan da dekretua indargabetu duena. Herri garaipena da», gaineratu zuten. Izan ere, uztailaren 29ko bilkuran Felix Aranbarri Udal Gestorako buruak dekretuaren ondorioz txosnarik ez duela itxiko hitzeman zien herri mugimenduko kideei. Hala ere, Jai Batzordekoak ez dira Gestorako buruaz fio eta oraindik ere «andramariak izorratzen saia daitekeela» ohartarazi zuten.

Uztailaren 19an, Udal Gestorak, Eudelek txosnak arautzeko proposatu duen ordenantzaren harira, txosnen inguruan hainbat murrizpen ezartzen zituen dekretua plazaratu zuen. Besteak beste, txosnen kokapena ezartzen zen, jai ekintzei arduradun bana izendatzea, txosnetan presoen argazkirik ez egotea, txosnen titular bakoitzak 300.000 eurorainoko erantzukizun zibileko estaldura duen poliza bat ordaintzea edota txosnan janariak eskaintzekotan, zerbitzariek elikagaien erabiltzaile txartela izatera behartzen zuen dekretuak. Txosnek baldintza horietako bat bete ezean, Udalak txosna ixteko eskubidea izango zuen dekretuaren arabera.

Ondarroako Jai Batzordeak hasieratik salatu zuen Gestorak onartutako dekretuaren helburua ez zela txosnek dekretuan aipatzen ziren baldintzak betetzea, «baizik eta txosnek bete ezin dituzten baldintzak jartzea».

Jai Batzordea andramariak bertan behera uztekotan egon bada ere, «herritarren babesa eta elkartasuna» jaiekin aurrera egiteko erabakigarria izan dela azaldu zuten Jai Batzordekoek. Izan ere, Udal Gestorari hitza betetzeko eskatuz burutu zuten sinadura bilketan, 1.156 norbanako eta 85 ostalari eta dendariren atxikimendua lortu zuten bi egunetan.

1.156 sinadura

Bi egunetan eta 9.000 biztanle dituen herri batean, Udal Gestorari «hitza betetzeko eskatuz» 1.156 norbanako eta 85 ostalari eta dendariren sinadurak lortu ditu Ondarroako Jai Batzordeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo