Xabier Izaga Irakaslea
Jaia
Ni ez naiz nor inori esateko zer eta zenbat edan, erre edo esnifatu behar duen, eta bost axola zait zer hartzen duen, baina axola handia zaizkit bere ekintzen gaineko kontzientziarik edo erantzukizunik ezaren ondorioak
Iragarrita zegoen, eta hala izan ez balitz ere, atzo goizean denon ahotan zegoen: «jaia dakar». Zeledonek, guardasola parapente gisa hartuta, ez zuen hutsik egin bere hitzordura eta jaia lehertu egin zen. Inork ez daki nola gertatu zen, bai ordea eztandaren ondorioek bost egun iraungo dutela.
Jaiak dibertimentua, transgresioa, errebindikazioa dira, umore onerako testuinguru aproposa, adiskidetasuna gozatu eta adiskide berriak egiteko unea eta gunea. Askatasunera hurbiltzen gaituen egoera, askatasun modu bat. Hala ere, badira askatasunaren kontzeptu bitxia dutenak. Ez dut esango nire askatasun kontzeptuak denona izan behar duela, ezta hurrik eman ere; beren askatasuna besteena ukatuz gauzatzen duten horietaz ari naiz, ondo pasatzea besteek gaizki pasatzea duten horietaz, jaiak, alkoholak edo zeinahi substantziak edozertarako lizentzia ematen diela uste dutenez, nahiz jaiak, alkohola edo edozein substantzia edozertarako aitzakia dutenez. Ni ez naiz nor inori zer eta zenbat edan, erre edo esnifatu behar duen esateko, eta bost axola zait zer hartzen duen, baina axola handia zaizkit bere ekintzen gaineko kontzientziarik edo erantzukizunik ezaren ondorioak.
Ez da inongo sekretua besteen askatasuna murriztu eta are trenkatzea ere jaietan maizago gertatzen dela. Kasurik argiena eta zoritxarrez beharbada ohikoena sexu erasoak dira. Bada batzuetan eraso horiek «garrantzirik gabeko» txantxa baino ez direla uste duenik, gainera jai giroan «normalak» omen dira. Baina neska bat bortxatzea, joan den astean Baionan gertatu zen bezala, gehiegizkoa da, ezta? Eta zer ez da gehiegizkoa? Noraino ez da erasoa? Edonori bere borondatearen kontra ipurdia ukitzea ez al da gehiegizkoa? Ez direla gauzak beren onetik atera behar esango digute, horrelakoak ere entzun izan ditugu, baina sexu erasoak, larriak zein «arinak», berdin-berdin dira eraso. Beraz, kontua ez da bortxaketak eta hilketak saihestea soilik, baizik eta edozein erasoren zuribide edo bide duten jarrerak desagertzea.
Eta, bestetik, badira askatasunaren beste kontzeptu halaber bitxia dutenak, besteen askatasunaren kontzeptu bitxia alegia. Inoren askatasuna eurek kontrolatu beharra daukaten zerbait dela uste baitute, baita uste horren arabera jokatu ere. Jaietan oso nabarmena da horien jokaera, eta jaiak ez direla politizatu behar esango dute aitzakia gisa. Askatasunaren erasotzaile horiek agintariak dira eta, paradoxikoki, interes politikoak gidatzen du horien jokaera.
Erasotzaileak gorabehera, gaur Gasteizen bada jaia bizitzeko, ondo pasatzeko aukera: goizean Egunsentiko Arrosarioa (egia esateko, niri beldurra ematen didana, baina zorionez edo zoritxarrez segizio horretara joaten diren milaka lagunei, bejondeiela), dianak blusekin eta Udal Musika Bandarekin, erraldoiak eta buruhandiak; eguerdian trikitilariak eta ondoren bertsolariak; arratsaldean zezenetara joatea (6 toros 6), blusen erdiak zezenketara sartzen ez badira ere; arratsean amnistiaren aldeko manifestazioa, gorri-beltzen koadrilak alaitua (11 ertzain 11); gauean txosnetan giro ederra eta kontzertu benetan onak; egun osoan zehar haurrentzako ikuskizunak nonahi eta hamaika mozkor kale bazterretan... Lagin txiki bat besterik ez.
Ondo pasa, pasatu gabe baina.