Gurutz Garmendia «Azkoitxi» Ondarroa
Basajaunek zaintzen dute Gipuzkoako armarria
«Izena daukanak, izana dauka» esaten da gure hizkuntzan eta sinesmen zaharrek basagizon eta basandereak badirela esaten badute, agian lehenago izan zirelako da
Orain dela 50.000 urte inguru iritsi omen ziren aurreneko Cro-Magnongo andra-gizonak Eurasiar kontinenteko mendebal lur muturrera. Lur eremu berrien bila iritsiko ziren ziur aski eta dakiguna da bertan gelditu zirela. Baina gure arbasoak ez ziren izan lurralde haietako lehenengo andra-gizonak. Cro-Magnongo gure arbasoak iritsi aurretik, Neanderthalekoak bizi ziren bertan eta badirudi hainbat eta hainbat milaka urtetan elkarri begira bizi izan zirela. Eta jakitez ez dago batere garbi zergatik desagertu ziren edo zer gertatu zen beraiekin, baina zorionez kondaira zaharrek argibide onak ematen dizkigute. Hainbat mito eta kontakizun daude Europan eta bere inguru zabaletan, erraldoi, begibakar edo basoko jaun-andreez berba egiten digutenak. Eta Euskal Herrikoak bertakoak, bereziki azpimarragarriak dira. Aspaldi Europa osoan hitz egiten zen hizkuntza, geurean bakarrik mantendu dugu, jatorriko gunean eta horrek ahozkotasunean izugarrizko abantaila ematen digu aspaldiko sinesmenak hobeto ulertzeko. «Izena daukanak, izana dauka» esaten da gure hizkuntzan eta sinesmen zaharrek basagizon eta basandereak badirela esaten badute, agian lehenago izan zirelako da. Hau da, Neanderthaleko andra-gizonak eta gure arbaso ziren Cro-Magnongoak milaka eta milaka urteetan elkarri begira egon baziren, Neanderthalengandik zer ikasi izango zutela Cro-Magnongoek, eta horrela, euren sinesmenetan barneratu.
Sinesmen zaharrek diote, basajaun eta basandereak, indartsu eta sendoak zirela, ile asko zeukatela eta basoetan bizi zirela. Eta artzain jatorrei lagundu egiten zietela, gaiztoei ez bezala. Hainbat dira Euskal Herri osoan, basagizon eta basandereen baso eta tokiak, eta izen-abizenak dituzten toki hauetatik oso gertu, Cro-Magnongo eta Neanderthaleko andra-gizonen arrastoak daude. Agian egunen batean jakingo da zehatz-mehatz zer gertatu zen andra-gizon erakargarri hauekin, baina argi dagoena da gure arbasoengan eragin nabarmena izan zutela.
Hainbat dira, Europako iparraldean bereziki, basoko andre eta gizonen kontakizunak, basoa ezagutu eta bertan bizi diren jendearenak eta geurean ere berdina gertatzen da. Ez da derrigorrez pentsatu behar bi andra-gizon taldeak elkarren kontra joango zirenik. Garbi dagoena da, Neanderthalekoak askoz hobeto egokituta zeudela Europako lur hotzetara eta gure arbasoak lur epelagoetatik iritsiak izanik, gizagaixo hutsak izatea erraldoi haien aurrean. Orain badakigu sasoi hartarako, gure arbasoak gu bezain azkar edo mozoloak zirela. Eta noraezean iritsiak izanik, bertara ohituta zeuden andra-gizonek egiten zuten berdina egitea normalena izango litzateke. Bertakoak ziren erraldoi haiek eta bertan egiten zuten aurrera talde gisa.
Eta benetan, euskal sinesmen zaharrek haiek bezalakoak izateko esaten digutela ere badirudi. Hainbat andre eta gizon dira gure sinesmenetan harriak botatzen dituzten erraldoi, basajaun edo begibakarrak. Eta ez hori bakarrik, Gipuzkoako armarria babesten duten eta jatorriaren berri ematen dutenak, biluzik dauden bi basagizon dira, bakoitza bere baldar makilarekin. Izena duenak, izana du!