Dantzak eta kirolak nagusi, Berangoko santodomingoetan
Santo Domingo jaiek aurrera egingo dute eguerditik aurrera. Haur parkea, herri kirolak, dantza emanaldia eta dantzaldia izango dira, besteak beste. Bihar ere ekitaldiz beteriko eguna izango da eta, bereziki haurrek primeran pasatzeko, pailazo ikuskizuna, apar festa eta txokolate-jatea antolatu dituzte. Asteburuan herri bazkaria eta jolas parkea izango dira.
Nagore BELASTEGI
Santo Domingo jaiek atzo hartu zuten martxa, eta horrela jarraituko dute datozen bi egunotan ere. Gainera, nahiz eta larunbaterako ezer ez dagoen antolatuta, igandean, urtero bakailao goxoa dastatzeko egiten duten herri bazkaria izango da.
Gaur, egun osoan adin guztientzako jolas parkea eta ludoteka izango dituzte. Goizean, 12.00etatik 14.00etara izango da zabalik, eta bazkalostean beste saio bat izango da 17.000etatik 20.00etara.
18.15ean herri kirolen erakustaldia izango da. Beste batzuen artean, aizkolariak, harri-jasotzaileak, enbor mozketa eta txinga-proba izango dira ikusgai.
20.00etan, duela 60 urte inguru sortutako Simon Otxandategi Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Atzo haurrena izan zen ikasturtean ikasitako guztia erakusteko txanda eta, gaur, helduak arituko dira horretan. Gauean, egunero bezala, dantzaldia egingo dute. Oraingo honetan, Arizgoiti taldeak jarriko du musika eta 22.00etatik indarra xahutu arte arituko dira jendea dantzan jartzen.
Bihar, eguerditik aurrera hasiko dira ekitaldiak, ondo lo egin ahal izateko eta eguna askoz hobeto aprobetxatzeko. 12.00etan, Patxin eta Potxin pailazoak haurrei barre eragiten saiatuko dira. 13.00etarako, bustitzeko beldurrik ez dutenentzat apar festa antolatu dute. Bereziki gaztetxoei gustatzen zaie festa hau, etxera goitik behera xaboiz beteta iristen direlako. 19.00etan, animalien ikuskizuna izango da. Bertan bigantxekin jolasteko eta zaldi txikietan ibiltzeko aukera izango dute haurrek. 20.30ean txololate-jatea izango da eta gerturatzen den edonork merienda gozoa jan ahal izango du. Ordu berean Betizu taldearen dantzaldia hasiko da.
Bakailaoa pil-pil erara
Nahiz eta Santo Domingoko jaien egitarauaren barnean sartzen ez den, iganderako egun polita antolatu dute. Eguerdi partean herriko koadrila guztiek herri bazkaria egingo dute. Tradizioari jarraituz, plater nagusia bakailaoa pil-pil erara izango da. Aurtengoan ez da lehiaketarik izango. Ondo pasatzea izango da bazkariaren helburua eta nahi duten lagun talde guztiek prestatu ahal izango dute bakailaoa, gero denek elkarrekin bazkaltzeko. 17.30etan txitxarrillo dantza egingo dute.
Bizkaiko herrietan dantza honek ospe handia du eta Uribe Kostako herri honetan ere ohiko ekitaldia da. Horrez gain, goizez eta arratsaldez haur parke erraldoia jarriko dute. Bestalde, datorren asteko ostiral eta larunbatean zaldi probak egingo dituzte, 21.00etatik aurrera.