GARA > Idatzia > Euskal Herria

Soziedad Alkoholikaren doinu biziak astinduko ditu gaur Erromoko jaiak

Musikak tarte zabala izango du aurten Erromoko jaietan, Reggae Ska Jaialdia, Canalla Rock & Roll jaialdia eta Soziedad Alkoholikaren talde handia izango baitira. Txapelketak ere izango dira, besteak beste, tortilla txapelketa. Bertakoez gain, inguruko herrietatik ere lapiko artean trebezia duen jende ugari joaten da horretan parte hartzera. Bestalde, auzotarrei barrerako tartea eskaintzen dien ekitaldi ugarien artean, koadrilen arteko olinpiadak dira horretan nagusi.

p018_f03_423x523.jpg

Janire MENDIETA

Asteartean, herriko zaindariaren egunean, erromotarrek festa hurbiletik ikusten zuten, baina atzo bota zuten jaiei hasiera emateko txupinazoa. Aurretik ere, auzokideak koadrilen arteko olinpiadetan biziki ondo pasatu zuten.

19.30ean iritsi zen irrikaz itxarondako unea, txupinazoa. Erromotarrak saltoka eta kantuan jarri zituen hasiera horrek, eta kalejirari ekin zioten. Gauean umore onak hartu zuen Erromo, Las Fellini transformisten eskutik. Horrez gain, ordu horretan bertan, kontzertuak izan ziren txosnetan, Striknina, Bunker 8 eta Usain Anaiak taldeekin.

V. Herri Krosa

Gaurko ere hainbat jarduera daude antolatuta. Herrian zehar ibiliko den trikitixa martxak esnatuko ditu atzoko festazaleak. Arratsaldean, korrikalari eskarmentudunek nahiz hasiberriek bosgarren herri krosa egingo dute. Horren ostean, 20.30ean, bertso saioa eskainiko dute Aitor Mendiluze, Xabi Paya, Iratxe Ibarra eta Joanes Igeregirek.

Gauerako, haurrentzako zinema emanaldia antolatu dute Texasen eta herriko ausartenek suzko zezenaren aurrean korrikaldia egin ahal izango dute txosnetan. 22.00etan izango dira bi ekitaldiok.

Eguna amaitzeko, Atadxs a Nada eta Soziedad Alkoholika taldeek mugiaraziko dituzte txosnetara hurbiltzen direnak. Lehenengoa, orain hiru urte sortutako talde erromotarra da eta bere lehen lana aurkeztuko du, punk anarkista estiloko «Borrachos y orgullosos». Bigarrena, berriz, aurkezpen beharrik ez duen Euskal Herriko talde mitikoa. 1988n jaio zen talde potenteak, «Intoxikazión etílika» lehen disko atera zuenetik, 350.000 lan saldu ditu.

Bihar goizean, umeen marrazki lehiaketa izango da. Arratsaldean, berriz, 17.00etan «poteo-rally»a hasiko da txosnetan. 19.30ean, Gobela futbol-zelaian, laugarren futbol txapelketa jokatuko da, Arenas, Sestao River, Santurtzi eta Alaves taldeekin. Hortik ordu erdira, adinduek ere ondo pasatzeko aukera izango dute, Ganetan, txitxarrillo saioan. Ordu horretan, Cervantesen, harri-zulatzaileen txapelketa ere izango da. Gauean, koadrilek playback ikuskizuna egingo dute txosnetan, eta Santa Eugenia 23.ean, bigarren Canalla Rock & Roll jaialdia ospatuko da Jinete Eléctrico, Positiva eta 28 Escupitajos de Semen taldeekin.

Jaietan pilatutako toxina guztiak astintzeko, aerobic saioa izango da txosnetan larunbat goizean. Horrez gain, urteroko igel txapelketa izango da Kresaltxun.

Arratsaldean txapelketen txanda iritsiko da, mus, tiragoma eta irristailu txapelketak, hain zuzen. Zazpietan, Unai Elorriagak eta Arkaitz Estiballesek bertso saioa egingo dute txosnetan. 20.00etarako hainbat jarduera antolatu dituzte: herri kirolak (Cervantesen), Betizu jaia (Txikigunean) eta Mariachi Real Azteca ikuskizuna (Gobelondo kalean).

Gauean ere hainbat musika ekitaldi izango dira: Ska Reggae jaialdia ospatuko da txosnetan, Luz de Putas, Thunda Clap Sound System, The Penguins, The Slackers eta The Aggrolites-en eskutik; Cervantesen Elektro Gaua izango da; eta Santa Eugenia 23n, Leche de Gorrión Zurdo DJak jarriko du musika.

Azken jai egunean tortilla txapelketak hartuko du erromotarren arreta. 12.00etan hasiko da txapelketa, Artazan partaideek izena ematearekin batera. Ordu erdira erakutsi beharko dute lehiakideek emaitza. Halere, ez da hori izango erromotarrek probatuko duten jaki bakarra, arratsaldean sardina-jate herrikoia izango baita.

bertsoak

Korrikalari eskarmentudun eta hasiberriek V. Herri Krosean parte hartu ahal izango dute. 20.30ean, bertso saioa izango da Aitor Mendiluze, Xabi Paya, Iratxe Ibarra eta Joanes Igeregi bertsolariekin.

tortilla lehiaketa

Azken jai egunean tortilla lehiaketa izango da ekitaldi nabarmenena. 12.00etan hasiko da txapelketa Artazan partaideek izena eman orduko, eta ordu erdira egindako lanaren emaitza aurkeztu beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo